Azterlanek hauts metalikoen ikerketan egindako aurrerapenak aurkeztu ditu

Anboto 2023ko mar. 15a, 13:48

Ikerketa lantegiak korrosioarekiko, higadurarekiko eta neke termikoarekiko erresistentzia altuagoko osagaiak lortzeko ikerlana egin du, besteak beste.

Azterlan ikerketa-lantegiak Azpitek programaren baitan egindako aurrerapenak aurkeztu zituen atzo egindako agerraldian. Hauts metalikoen ezaugarriak transformazio metal-mekanikoko industrian zelan aplikatu daitezkeen aztertu dute, eta lan-ildo hori industrian txertatzeko bideari ekin diote. Horretarako ekipamendu bereziak eskuratu dituzte. Besteak beste, ultrasoinuen eta gainerako ekipo periferikoen bidezko atomizazio-ekipoa. 

Industriara begirako aplikazio potentzialen artean honako hauek nabarmendu dituzte: hauts metalikoak erabiltzea materialei korrosioarekiko, higadurarekiko edo neke termikoarekiko erresistentzia areagotzeko, eta, osagai horiek erabiltzea geometria edo ezaugarri konplexuak dituzten materialak landu eta fabrikazio teknologiak hibridatzeko. 

Azterlaneko zuzendari nagusi Garikoitz Artolak jakitera eman zuenez, aurrerantzean, lantegia gai izango da "kalitate handiko metalezko hautsak" sortzeko, aleazio eta/edo metal desberdinetako harietatik abiatuta. 

Aurkezpen ekitaldia atzo egin zuten Azterlanek Durangon duen egoitzan. Bertan izan ziren Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua, Estibaliz Hernáez Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, Alberto Fernández Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariak, bai eta BRTAko eta aliantzaren batitako zentro teknologikoetako eta IKZetako ordezkariak ere. Ekitaldiaren gidaria Beatriz González Ciordia, Betsaide enpresako zuzendari nagusia eta Azterlan fundazioko presidentea, izan zen. 

2021etik hona, Eusko Jaurlaritzaren Azpitek laguntza programak 51 azpiegitura zientifiko-teknologiko lagundu ditu 26 milioi euroko inbertsioa eginda. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!