40 Minutu Rock jaialdiaren antolatzaileak pozik agertu dira zapatuko festibalak izandako erantzunarekin. Kontzertuetarako sarrera guztiak agortuta, Landako Gunea leporaino bete zen. 8.000 lagunek etenik bako musika jaialdiaz gozatu zuten goizeko lehen ordutik goizaldeko ordu txikietara. Aurtengo edizioa urte biko etenaren ostean ospatu dute, eta antolatzaileek nabarmendu dute jaialdiari eskerrak "elkartasun uholde erraldoia" iritsi dela euskal presoengana". Datozen urteetan ildo horri jarraitzeko "konpromisoa" agertu dute, azken edizioa egin arte. "Sakabanaketaren behin betiko amaiera atarian dugu, baina garrantzi handikoa da lanean jarraitzea salbuespen politikak ere atzean uzteko", adierazi dute jaialdiaren antolatzaileek ohar bidez. Era berean, boluntarioek, musika taldeak eta bertaratutako herritar guztiak txalotu dituzte, nork bere "aletxoa" ipini zuelako.
Bestalde, antolatzaileek azaldu dute egunean zehar protokolo feminista aktibatu behar izan zutela. Alde horretatik, gogoratu dute jaialdian ez dituztela "ezelako eraso sexista, transmaribibollo, eta arrazistak" onartzen. Eraso horien aurrean "gogor eta irmo" erantzuten jarraituko dutela, eta erasotzaileek jaialdian lekurik ez dutela azpimarratu dute.