Indarkeria matxistarekin lotutako kasuak publiko egiteko eskatu dio Andereak elkarteak Durangoko Udalari

Anboto 2023ko ots. 20a, 15:21

“Izendatzen ez dena ez da existitzen, eta, emakumeen aurkako indarkeria kasuak ezagutzen ez badira, arazoa ez da agerian jartzen, ez da gaitzesten, ez da pedagogiarik egiten, eta ez da ikusten horri aurre egiteko neurri eraginkorrik hartu behar denik”, azaldu du elkarteak.

2021ean Durangon erregistratutako kasuen berri Durangaldean emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko eta koordinatzeko Protokoloaren urteko laburpenaren bidez eduki zuela dio talde feministak. "Txostenak urte horretan herrian izandako kasuen hazkundea islatu zuen. 2022ko datuak Ertzaintzak eman zituen, eta agerian utzi zuten indarkeria mota hori areagotu egin zela. Salaketak 2021ean 42 izatetik 2022ko azarora arte 57 izatera igaro ziren, hau da, astean batez beste kasu bat baino gehiago. 2023ko zifrak ez ditugu ezagutzen", azaldu du elkarteak.

“Badirudi Durangon ez dagoela indarkeria matxista kasurik azken urteotan, eta hori ezkutuan dagoelako gertatzen da", gaineratu du Andereakek. Hori dela eta, udalean, Udaltzaingoan edo Ertzaintzan eraso bat salatzen den bakoitzean gaitzespen bando bat argitaratzea eskatu dute.

Talde durangarrak "gai horretaz ez arduratzea" leporatu die gobernu taldeari eta oposizioko alderdiei. “Argi dago biztanleriaren erdiari, emakumeei eragiten dien arazo sozial larria ez dagoela Durangoko alderdi politikoen agendan, ezta hauteskunde aurreko garaian ere”, deitoratu dute.

Andereak taldearen hileroko kontzentrazioa datorren ostegunean, hilak 23, izango da, 18:30ean, Andra Marian. Elkarteak protesta- eta kontzientziazio-ekitaldi horrekin bat egiteko deia egin die Durangoko herritar guztiei. "Feminicidio.net atariaren arabera, emakumeen 14 feminizidio edo hilketa matxista erregistratu dira aurten Estatuan".

Horrez gain, mahai bat jarriko dute indarkeria matxistari buruzko informazio materiala eskaintzeko eta Euskal Herriko Koordinadora Feminista Abolizionistaren (EHFAK) elastikoak saltzeko. Mahaia 18:15etik aurrera egongo da jarrita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!