Durangoko EAJk udal inkesten "gardentasun falta" salatu du

Anboto 2023ko ots. 1a, 10:19

Galderetako batean "trenbide zaharraren orubeari buruz sinatu zuten akordioa" aipatzen dela, baina akordiorik ez dagoela diote jeltzaleek.

Herriko proiektuei buruzko informazioa "modu interesatuan desitxuratzea" egotzi dio EAJk gobernu taldeari, herritarren artean egiten dabiltzan iritzi inkestak direla eta. Jeltzaleek PERI Trenbidea proiektuari buruzko galderetan egin dute azpimarra. Haien esanetan, galderetako batek "trenbide zaharraren orubeari buruz sinatu zuten akordioa" du aipagai, baina "sinatutako akordio hori ez dago", EAJren berbetan. Hori dela eta "baieztapen faltsuak" egiten ibiltzea leporatu diote gobernu taldeari. Jeltzaleek gaineratu dute akordioari buruzko informazioa hiru bider eskatu dutela udaletxean, eta honako erantzun hau jaso dutela: "egun ez dago gai horri buruz irekitako administrazio-espedienterik". 

EAJren berbetan "ezinezkoa" da Durangoko Udalak Eusko Jaurlaritzarekin lortu gura duen akordioa gauzatzea. Horren harira, alde biek 2022ko otsailean eginiko bilera-aktan jasotakoa aipatu du EAJk: "Eusko Jaurlaritzak adierazten du udalaren planteamenduak akordioa gauzatzeko benetako ezintasuna dakarrela, harik eta Hiri Antolamendurako Plan Nagusiaren aldaketaren behin-betiko onarpena egiaztatzen ez den arte".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!