Prestaketa lanetan harrapatu ditugu. Txiste batzuk sortzen, buruari buelta batzuk ematen. Baina argi dute helburua: bakarrizketak sortu, San Agustin kulturgunean bota eta ikusleak barre-algaraka ipintzea. Sarrera gutxi batzuk baino ez dira geratzen salgai. Arte eta Historia Museoan edo Kutxabanken eskuratu daitezke.
Badoaz Gorka Madrazo eta Joana Ocaña kaletik, igo dira San Agustin kultur guneko eszenatokira, eta... zelan amaitzen da txistea?
Gorka Madrazo: Eszenatokira igo eta bat-batean zuri geratzen dira biak! (barrez)
Joana Ocaña: Bai, eta irten baino lehenago egundoko kakalarria sartzen zaie biei! (barrez)
Halakorik gertatu ez dadin, astebete duzue prestaketa lanetarako.
J.O.: Nire ustez, bakarrizketa saioa zuzeneko Netflix saioa izango da. Neguak etxe-girora gonbidatzen gaitu, baina goazen telebistatik irten eta antzokiak betetzeko erronka horri heltzera.
G.M.: Inguruan ditugun gai, anekdota eta istorioak aintzat hartuta, giro herritarra sortzea da asmoa, geure buruaz barre egin eta inguruaz barre egitea. Bost bakarrizketa kontalari egongo gara.
Barrea eragite horri gustua hartuta zaudetela dirudi. Gorka, zuretzat hirugarren edizioa izango da bakarrizketa kontalari lez. Joana, zuretzat, bigarrena.
G.M.: Bai. Eta hau prestatzean halako kakalarri bat sortzen zaizu, urduritasun bat. Baina, aldi berean, honek guzti honek motibaziotik eta morbotik ere badu asko.
J.O.: Gu biok antzerkitik gatoz, baina hau beste zeozer da. Hemen bakarrik zaude, zu zeu zeure hustasun horregaz. Kontakizuna egiterakoan maskara txiki-txikiren bat ipiniko duzu zeure burua babesteko, baina umoreak lehertu egiten du antzerkian laugarren horma deitzen den hori. Ikuslea zure bakarrizketan txertatu dezakezu, bere erreakzioa jaso.
Ekitaldia Euskal Herrian Euskarazek antolatu du. Euskaraz barre egiteko beharrizana dugu?
G.M.: Baietz esango nuke. Netflix, filmak, erdarazko bakarrizketak, late night erako telebista saioak... Horiek denak etengabe irentsi ditugu, eta behar-beharrezkoa dugu horrelako ereduak euskaraz sortzea. Badaude umoregile euskaldunak, baina gutxi batzuk dira. Lehen, Barre Librea genuen ETBn, baina erretiratu egin zuten.
J.O.: Badaude antzerki konpainiak, umorezko obrak euskaraz egin eta errekonozimendu handia izatera ailegatzen direnak. Bestalde, euskalduna tontolapikoa den umore horretatik, klixe horretatik, ihes egin behar dugulakoan nago.
Umorea egitea gauza serioa ote da?
G.M.: Zeure buruaz barre egiten duzunean, ikusleak enpatizatu egingo du zugaz. Baina badira gaiak, hirugarren pertsonenak, kontu handiz landu beharrekoak. Nik gurago dut horietan ez sartu.
J.O.: Umoreak aurrez aurre esan ezin daitekeen hori esatea ahalbidetzen du. Baina umiltasunetik egin behar da, inozentzia moduko batetik.
Bakarrizketa ez, baina elkarrizketa hau amaitu da. Amaierako txistea: "Oihala zabaldu eta bost bakarrizketa kontalari agertzen dira. Zarratu da oihala. Zelan deitzen da pelikula?"
J.O.: Manolo! Zabaldu oihala! (barrez)