Udal eta foru hauteskundeak

Julian Riosek Durangoko Herriaren Eskubidea plataformaren buruzagitza utziko du

Anboto 2023ko urt. 19a, 19:59

Herriaren Eskubidea taldean jarraituko duela azaldu du Durangoko udalean alkateordea denak. "Udaleko proiektu independentea eraikitzen" lan egingo duela azaldu du, "herritarrentzako eta interes orokorrarentzako bitarteko" izango den proiektuan. Azken zortzi urtean Durangoko herritarrak ordezkatzeko izan duen "pribilegioa" eskertu. du.

2015ean hiru ordezkari lortu zituen Durangon Herriaren Eskubideak. Udal hauteskundeetara lehenengoz aurkeztu zen orduan eta Durangoko Udalean  hirugarren indarra izatea lortu zuen. 2019an laugarren zinegotzia lortu zuten eta EH Bildurekin gobernazio ituna lotu zuten. Julian Riosen berbetan,  "herriari astindua" eman diote urte hauetan. Argitu duenez,  "horretarako gakoa jende arrunta, herritarrak, politika egiten hastea, izan da. Horregatik politika egitera animatzen jarraitu gura dut. Izan ere, herritarrek gorbernatzen dutenean igartzen da". Gaineratu duenez, "herriarena dena, denona da eta denon artean kudeatu behar dugu".

Durangoko alkateordeak erreleboa "bermatuta" dagoela nabarmendu du. "Lan talde oso konpetentea dugu", dio.  "Durangoko udaletxean zortzi urtez lanean egon ondoren erakutsi dugu politika egiteko beste modu bat posible dela. Eta, gogoa eta indarra dugu udal mugimendu ilusionagarri honekin jarraitzeko", azpimarratu duenez.

Riosek azaldu duenez, "Herriaren Eskubidea taldearen proiektuan nire aletxoa ipini dut, ageriko aurpegia izan naiz eta dena eman dut. Politika errelebo lasterketa bat moduan ulertzen dut: taldean egiten da korrika eta norberari egokitzen zaionean dena ematen da".  Kalean jarraitzen duela gaineratu du, "politika egiteko eta Durango hobetzeko, hautagaitza independentea bultzatuz". 

Herriaren Eskubidea taldeko ordezkariak gogoratu duenez, "demokrazia parte hartzailean sinesten dudalako sartu nintzen politikan, non denok izan behar dugun hitza eta botoa instituzioetan egon ez arren". Orain, gizarte hezitzaile moduan lan egitera bueltatuko da. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!