“Politikari esker beste era batera ezagutuko ez nituzkeen herritarrak ezagutu ahal izan ditut”

Ekaitz Herrera 2022ko abe. 21a, 17:37

Fernando Castillo Rodríguez (Durango, 1970) sozialistak bukatutzat eman du bere zinegotzi ibilbidea. 21 urte egin ditu Durangoko PSE-EEren ordezkari lez.

Zergatik erabaki duzu kargua uztea?
Urte asko daramatzat honetan. Ailegatu da pauso bat bazterrera egin eta berriei lekua egiteko ordua. Dena dela, zinegotzi kargua uztearen arrazoi nagusia lana da. Eraikinak berritzeko enpresa batean lan egiten dut, eta momentu honetan lana patxadaz egin ezinda bezala nabil, politikari lana zein ogibide dudan lana ganoraz egiteko tarte barik. Eta nik nire lanbidean egon gura dut %100. Politika hobby garestia da. 

Ibilbide luzea egin duzu Durangoko politikan.
1995ean ailegatu nintzen Durangoko udaletxera. Guztira 21 urte egin ditut bertan. Legegintzaldi bat Abadiñoko Udalean egin nuen, eta beste bat udaletxeetatik kanpo.

Urte hauetan guztietan, zer eman dizu politikak?
Politikak asko eman dit bizi esperientziari, tratuari eta hartu emanei dagokienez. Publikoki berba egiten, jendearekiko hartu emanak sortzen, lagundu dit. Politikari zor diot beste era batera ezagutuko ez nituzkeen herritarrak ezagutzea, entzutea eta haiekin berba egitea. Momentu oso gogorrak bizi izan ditugu, baina egia da politikak pertsona lez haztea ekarri didala.

Zeintzuk izan dira bizi izandako unerik gogorrenak eta zeintzuk politenak?
Duda barik, 2000. urteko ekainaren 4koa da bizi izan dudan unerik gogorrena. ETAk Jesus Mari Pedrosa zinegotzia hil zuen eguna. Hilketa hark inflexio puntu bat ekarri zuen Durangoko politikagintzara. Politikarien arteko hartu emanetan eragina izan zuen. Bestalde, Juan Jose Ziarrusta, Patxi Zurikarai, Juanito Agirre,... gogoan ditut horiek denak. Politikan ezagutu nituen, baina jada ez daude gure artean. Momentu politen artean anekdota asko datozkit burura. Gogoan daukat familia bati Brasilen preso zegoen senide bat hona ekartzen lagundu genionekoa. Gogoan daukat, baita ere, enplegu-zinegotzia nintzela, gazteen praktikak sustatzeko proiektu europar bat ekarri genuen. Dena dela, egindako hartu eman pertsonalak dira hemendik aurrera gogoan eramango ditudanak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!