Durangoko PSE-EEk udal hauteskundeetako zerrendaburua zein izango den argitu du goiz honetan. Jesica Ruiz izango da alkategaia, gaur egun Durangoko alderdi sozialistaren bozeramailea dena, eta 2019ko hauteskundeetan alkategai izandakoa. Ruizek "proposamen errealistak" eskaini gura dizkie durangarrei. Bere lehentasuna "lanpostu duinak" sortzeko ekintzak martxan ipintzea izango da. Alde horretatik, industria, enpresa-sarea eta abangoardia landuko dituela iragarri du. Horrez gainera, Durango berde eta jasangarri baten aldeko apustua egin du. Indarkeria matxistari dagokionez, bere indarrak arlo horretara bideratuko dituela ere gaineratu du.
Ruizek 39 urte ditu eta Durangon bizi da. Zientzia kimikoetan doktorea da. Bere hautagaitzaren aurkezpen ekitaldia goiz honetan egin dute Benita Uribarrena parkean. Ekitaldian parte hartu du Eneko Anduezak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak. Anduezaren iritziz, Durangoko PSE-EEk "ardura" eta "egoerak eskatu bezala jokatzeko gaitasuna" agertu ditu.