[ARGAZKI GALERIA] Euskararen biziberritzea adostasunetik lantzera deitu du Kontseiluak, Durangon

Ekaitz Herrera 2022ko abe. 6a, 12:35

Paul Bilbao Sarriaren lekukoa hartuta, Idurre Eskisabel Larrañaga izango da aurrerantzean Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia. Eskisabelek "adostasun soziala", euskararen "ezagutza unibertsala" eta "erabilerarako eremu erosoak" lantzea izango ditu ipar. Ekitaldia egin dute gaur San Agustin Kulturgunean.

Kontseiluak bere 25. urteurrena ospatu du gaur Durangon, hain zuzen ere, duela mende laurden sorturiko egun eta leku berean. San Agustin Kulturgunea leporaino bete da Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako eragile euskaltzaleekin. Ekitaldian 25 urte hauetako ibilbidea errepasatu eta aurrera begirako erronkak markatu dituzte. Ororen gainetik, baina, izen propio bat gailendu da. Idazkari nagusi berriarena: Idurre Eskisabel Larrañaga (Beasain, 1970). Bera izango da Paul Bilbao Sarria ordezkatuta, Kontseiluko lemazain berria. Urte luzez Euskaldunon Egunkarian zein Berrian ibilitakoa, kazetaritzan eta antropologian lizentziatua da Eskisabel, eta EHUko kazetaritza irakaslea da gaur egun.

Bere hitz hartzean, euskararen biziberritzea "kolpetik" ez dela etorriko adierazi du, biziberritzeak "zerikusi gehiago duelako jario etengabeko lan isilarekin". Alde horretatik, "adostasun soziala", euskararen "ezagutza unibertsala eta erabilerarako eremu erosoak" sortzera deitu du. "Adostasunean sakontzea izango dut helburu, euskarak zerbait behar badu, politika delako, letra larriz idatzitako politika, siglez haragokoa", esan  du. Aro digitalak zein jendarte gero eta homogeneagoak dakartzan erronken aurrean, Ipar Europako estatuetara eraman du begirada. Han ekoizten diren ikus-entzunezkoak, eduki digitalak, hizkuntza txikian eginagatik, arrakastatsuak direla iritzita. 

Euskara biziberritzeko "azeleragailua"

San Agustin Kulturgunean egindako ekitaldian Kontseiluan egondako gainerako arduradunek, Xabier Mendiguren Bereziartuk (1997-2010) eta Paul Bilbao Sarriak (2010-2022) parte hartu dute. Mendigurenen iritziz, euskalgintzako eragileen arteko "batasuna" izan da urteotan Kontseiluak egindako ekarpenik handiena. Dena dela, "jende gehiagorengana hurbiltzeko" beharrizana dagoela ere gaineratu du. Bestalde, Paul Bilbaok, euskararen berreskurapenak "intentsitatea" behar duela adierazi du. Alde horretatik, "azeleragailua" sakatzera gonbidatu ditu bertaratutakoak. 

Alizia Iribarrenek, AEK-ko koordinatzaile nagusiak, eskerrona eman dio Bilbaori. Azken honek ohorezko erreberentzia jaso du dantzari eta txistulari bana lagun. Ekitaldian zehar Eñaut Elorrieta musikariak eta Castillo Suarez idazleek ere parte hartu dute. Anabel Arraiza aktorea arduratu da aurkezpen lanak egiteaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!