Euskaraldia

“Hizkuntza osoa izateko, familia edo lagunartea ez diren espazioetan ere normalizatu behar dugu euskara”

Aritz Maldonado 2022ko aza. 17a, 10:30

Belarriprest eta Ahobizi figurez gainera, Euskaraldiaren hirugarren edizioko beste protagonistetariko bat Ariguneak dira. Enpresetan euskara erabiltzeko guneak dira eta hirugarren edizio honen erronketariko bat horiek indartzea da, izan ere, erabilera errazten duten guneak identifikatzeak eta eskaintzeak garrantzi handia dute.

Durangon dagoen Bruss enpresako plant managerra den Kepa Arana ere iritzi berekoa da: "Euskara ez da izan behar bakarrik familia edo lagun arteko hizkuntza bat. Hizkuntza osoa izateko, beste esparruetan ere normalizatu behar da bere erabilera, eta hor dago enpresen garrantzia; gure bizitzetako esparru garrantzitsu bat diren neurrian, bertan euskaraz egin ahal izatea normalizatu behar dugu. Eta, hain zuzen ere, horixe da enpresetatik Euskaraldiari egin diezaiokegun ekarpenik onena". Brussek hirugarren partehartzea du Euskaraldian, Arigune modura bigarrena duen arren. "Lehenengo ediziotik parte hartu dugu Euskaraldian, hasierakoan lantegiko paneletan informazioa banatuz eta langileen parte hartzea sustatuz; bigarren edizioan, arigune modura parte hartu genuen. Guretzat garrantzitsua da, euskaragazko gure konpromisoa publikoki adierazteko modu bat delako", gogoratu du Aranak. Euskaraldiaren antolatzaileek aurreko edizioan entitateek esperientzia eta lorpen baliagarriak batzea lortu zuten, eta horiek zabaltzeko ahalegina da erronka nagusietariko bat. Erakutsi gura dute, herritarren hizkuntza ohituretan eragitea posible den neurrian, posible dela baita ere entitateen jardunean eragitea, izan hauek elkarte, denda, enpresa edo erakunde publikoak. Besteak beste, 2020an ere parte hartu zuten Osatek eta Mondragon Eskola Politeknikoak ere parte hartuko dute.

Zailtasunak bidean
Enpresen ekarpena garrantzitsua izan arren, Aranak zailtasunak ere badaudela azpimarratu du, batez ere enpresatik kanpoko hartu-emanetan: "Gure bezeroak Euskal Herritik kanpokoak dira, eta, beraz, ez dugu aukerarik eurekin euskaraz egiteko; hornitzaile batzuk, ostera, bertakoak dira eta hor ekiten diogu. Barne erabilpenera mugatzen da batez ere gure Euskaraldia, baina hor urratsak ematen ahalegintzen gara". Azken urteetan harturiko neurriak azpimarratu ditu Bruss enpresako arduradunak; besteak beste, lantegiko paisaia linguistikoa euskaratzeko bidea hasi dute, eta harrera protokoloan ere euskara sartu dute gaztelaniagaz eta ingelesagaz batera. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da hirugarren Euskaraldia. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!