4.000 eurora arteko diru laguntzak prestatu dituzte Durangoko ekintzaileentzat

Anboto 2022ko aza. 14a, 10:30

Durangoko Udalak enpresa proiektu bat zabaltzen dutenentzako eta jardueraren kokalekua kalera ateratzen dutenentzako laguntzak prestatu ditu. 

Durangoko Udalak 40.000 euroko diru poltsa prestatu du enpresa proiektu berri bat edo enpresa transmisio berri bati heltzen dioten ekintzaileak laguntzeko asmoz. Oinarriak www.durango.eus atarian kontsultatu daitezke eta eskaerak azaroaren 17tik aurrera egin ahalko dira Udalaren egoitza elektronikoan. Egoitza elektronikora sartzerik ez dutenek Herritarrentzako Arreta Zentroan aurkeztu ahalko dituzte eskaerak

Udalak irizpide hauekin banatu eta kalkulatuko ditu laguntzak:

  • Negozioa berria bada edo jarduera establezimendu batera lekualdatzen bada, udalak 4.000 euro emango ditu gehienez. Inbertsio osoaren %40 diruz lagunduko du 3.500 eurorekin, eta establezimendua Durangoko Alde Zaharretik kanpo badago, laguntzak 500 euroko gehigarria izango du.
  • Establezimenduaren titulartasuna negozioaren eskualdatzeagatik egiten bada, udalak 1.500 euro emango ditu gehienez, honako irizpide hauekin. Inbertsioaren %40 lagunduko du, 1.000 eurorekin. Establezimendua Alde Zaharretik kanpo badago, laguntzak 500 euro gehiago eskainiko du. 

Diruz lagunduko dituzte txikizkako merkatariak, ostalaritza sektorea eta lokal hutsetan egiten den eta merkataritza laguntzen duten jarduera ekonomikoak. “Badakigu garai zailak direla negozio bati ekiteko, eta egoera horren aurrean beldur edota ziurgabetasun ezberdinak azalarazten direla. Horregatik, Durangoko Udaletik babes ekonomikoa eskaini nahi diegu herritarrei, beren lan etorkizuna sortzeko, eta, era berean, beste pertsona batzuei ere lan egiteko aukera eman diezaieten”, adierazi dute Aritz Bravo eta Jorge Varela zinegotziek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!