Berbaro elkarteak euskararen erabilera neurtu zuen Durangoko jaietan. Jai Batzordeak, Txosna Batzordeak eta barrakek programaturiko ekintzak aztertu zituen asteburu bietan zehar, urriaren 11tik 16ra eta 21etik 23ra. Gaur, ikerketa horrek ondorioak aurkeztu dituzte. Jai Batzordeak antolaturiko ekintzek "oso jauzi positiboa" izan dute edizio bien artean -2019 eta 2022-. "Euskarazko ekintzak erdaraz edo elebitan antolatutakoak baino gehiago izan dira. 2019ko datu txarrei buelta bat ematea lortu da, eta zoriontzekoa da hori", iritzi dio euskara elkarteak. Jai Batzordeak euskara hutsean antolaturiko ekintzak %25 izan ziren 2019an eta erdia baino gehiago, %52, izan dira aurten. Txosna Batzordeak antolaturiko ekintzei buruz ere, antzerako balorazioa egin du Berbarok: "euskarazko programazioa apur bat igo da, baina benetan esanguratsua dena da urtez urte egitarau ia guztiz euskalduna antolatzen duela, eta hori ere zoriontzekoa da, erreferentea delako Txosna Batzordea alor horretan". 2019an, euskara hutsean eskaini ziren txosnetako ekintzen %71, eta kopuru esanguratsu hori euskararen mesedetan hobetzea lortu dute aurten. Euskara hutsean eskaini dituzte ekintzen %78.
Argi-ilunak
Dena dela, Berbarok umeentzako ekintzetan igarri du gorakadarik nabarmenena. 2019an %29 izan ziren umeei euskaraz zuzendutako ekintzak. Aurten, joera hori erabat irauli da, kopurua ia-ia bikoizteraino. Umeentzat programatutako ekintzen erdia baino gehiago euskara hutsean izan dira aurten (%55). Berbarok bilakaera "pozgarria" dela dio, baina gogoratu du 2019ko datuak "oso txarrak" izan zirela. Elkarteak arlo horretan lanean jarraitzera deitu du, "umeentzako programatutako guzti-guztia euskaraz izan dadin". Azterketako punturik beltzena, berriz, barrakek utzi dute. Aurten musika kanta batzuk euskaraz sartu dituzte arren eta prezioetako kartelak ere euskaraz ipini dituzten arren, Berbarorentzat "ez dira nahikoa izan orokorrean erdaraz egindako ekintza moduan ez sailkatzeko". Barraketako ekintza guztiak erdara hutsean eskaini ziren 2019an eta joera horri eutsi diote aurten.
Argazki oina: Jaietako eragile guztiek antolaturiko ekintzetan euskarak izandako bilakaera musikaren presentziari eta umeentzako ekintzei dagokienez (Jai Batzordea, Txosnak eta barrakak dena batera kontuan hartuta).
Hobekuntzarako proposamenak
Berbaroren iritziz, udalak "baldintza zehatzak" jarri beharko lizkieke barrakei, atrakzioak ipini ahal izateko baldintza modura. Beste herri batzuetan egiten den moduan, barraketako musika zein izan behar den udalak ezartzea "oso eraginkorra" litzateke Berbaroren iritziz. Umeentzako ekintzak kudeatzen dituzten enpresa kontratatuei "euskarazko begiraleak ipini ditzaten exijitzea" proposatu du elkarteak. Azkenik, ekitaldi publikoetan eta gastronomikoetan "elebitasunetik urrundu eta euskarari zentraltasuna ematea" iradoki dute.
INFORMAZIOA GRAFIKOTAN, ERAGILE BAKOITZAREN ARABERA
Jai Batzordeak antolaturiko ekintzak. Musika hizkuntzaren eta umeentzako ekintzen bilakaera (2019-2022):
Txosna Batzordeak antolaturiko ekintzen bilakaera (2019-2022):
Barraken bilakaera euskarari dagokionez (2019-2022):