Durangoko EAJk 2021eko aurrekontu akordioa betetzeko deia egin dio gobernu taldeari. Alde biek bizikletentzako aparkaleku estali bat ipintzea adostu zuten 2021eko udal aurrekontuak onartu zituztenean. Baina jeltzaleak kexu dira, ia urte bi geroago, proiektua egin barik dagoela eta. EAJk ohar batean azaldu duenez, bizikletentzako gune estali bat "funtsezkoa" da "mugikortasun eredu berri baten sustapenean eragiteko, desplazamendu aktibo eta jasangarriak motordunen aurretik lehenetsita". Mireia Elkoroiribe bozeramailearen iritziz, "bizikletaren erabilera sustatzeko aukera paregabea" dago orain, "Zornotza eta Durango lotuko dituen bizikleta-pista bezalako egitasmo garrantzitsuekin". Bestalde, Durangoko "bidegorrien sarea amaitzearen aldeko apustua" egin du EAJk. Alde horretatik, Askatasun Etorbidea eta Iurreta Alluitz kalearen bitartez lotzeko, aparkaleku estali eta seguru gehiago ipintzeko eta prestakuntza zein sentsibilizazio eskaintzak areagotzeko beharrizana azpimarratu dute.