Durangoko Herriaren Eskubidea taldea Elkarrekin Podemosen egituratik kanpoko herri kandidatura bat sortzea aztertzen dabil. Halantxik jakinarazi du Neskutz Rodriguezek: "Eztabaidatzen gabiltzan zerbait da. Oraindik ez dugu erabaki irmorik hartu, baina kontua hortik doa", azaldu dio zinegotzi durangarrak ANBOTOri. Behin-betiko erabakia "urtarrilerako" hartuko dutela iragarri dute. Aukera horrek aurrera egiten badu, "Herriaren Eskubidea plataforma modura" mantenduko dute, "taldea indartuta" eta hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztuta. Dena dela, Rodríguezen berbetan, norabide hori "ez da hauteskundeei begirakoa" izango, "Durangoko lanari begirakoa baino, batez ere".
Koalizio moreko kideak halantxik azaldu du Elkarrekin Podemosen aterkipetik irteteko aukera: "2015ean udaletxean sartu ginenean, ikusi genuen Durangon badagoela horretarako beharrizana. Azken finean, ez zaigu alderdi politikoek eskaintzen duten bertikaltasuna batere gustatzen. Elkarteekin, auzokideekin berba eginda, ikusi dugu Durangon badagoela plataforma herritar bat bultzatzeko esparrua. Durangok dituen berezitasunak Durangon bertan, durangarrekin erabakitzeko aukera dagoela ikusten dugu", azaldu du Rodríguezek. Esan bezala, baina, ideia mahai gainean dute. Momentuz, ez dago behin-betiko erabakirik.