UNICEFek Maristak Durango ikastetxea saritu du haurren eta nerabeen eskubideetan oinarritutako hezkuntzan "erreferente" delako

Anboto 2022ko urr. 20a, 12:34

Euskal Herrian sei ikastetxe nabarmendu dituzte eta euren artean dago Maristak Durango ikastetxea.

Iaz Euskalitek ematen duen kudeaketa aurreratuko Urrezko A saria lortu ostean, aurten beste sari bat jaso du Maristak Durango ikastetxeak. Oraingoan, UNICEF erakundeak Haur eta Nerabeen Eskubideen eta Herritartasun Globalaren Hezkuntzako Zentro "erreferente" gisa aitortu du.

"Ilusio handia egiten digu. Errekonozimendu horrek gure ikasle guztiak babesteko helburuarekin, duela urte batzuk hasi genuen adingabea babesteko protokoloa bide zuzena dela berresten digu", adierazi dute ikastetxetik ohar baten bidez.

Aurten estatuko 149 ikastetxek jaso dute izendapena. Horrela, une honetan 185 zentrok dute UNICEFen aitorpen hau. "Oso harro gaude gero eta ikastetxe gehiagok haur eta nerabeen eskubideetan oinarritutako hezkuntzarekin konpromisoa hartzen dutelako, hezkuntza-komunitate osoa haien bizitza hobetzea helburu duen benetako eraldaketan inplikatuz", azaldu du Nacho Guadix UNICEF Espainiako Hezkuntza eta Eskubide Digitalen arduradunak.

Euskal Herrian sei ikastetxek dute UNICEFen aitortza: Maristak Durango, Iruña Okako Apostolico San Jose, Errenteriako Sagrado Corazón-Telleri Alde, Donostiako Axular Lizeoa, Bilboko Berrio-Otxoa eta Eguesibarko Santa Maria la Real ikastetxeek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!