Berbaroko lehenengo jubilatua izango zara.
Lantaldeari dagokionez, bai.
Gaur izango da zure azken lan eguna. Astelehenean ez duzu iratzargailua ipini beharrik izango.
Urduri nago. Bizimodua aurrerantzean aldatu egingo zait. Errutina neurri batean ona da, baina ez dakit aldaketa hau zelan hartuko dudan. Egoera arraroa izango da. Ume txikiek lez, egokitzapena beharko dut.
24 urte eman dituzu Berbaron.
1998an hasi nintzen, joan zen mendean. 40 bat urtegaz hasi nintzen Berbaron lanean.
Zein gorputzaldigaz heldu zara jubilaziora?
Azkenengo urte biak, COVIDa dela eta, oso arraroak egin zaizkit. Gainera, etxez aldatu gintuzten. Niretzat Pinondo gure etxea zen. Urte asko egin nituen han, bai AEKn eta baita Berbaro elkartean ere.
Zelan hasi zinen Berbaron lanean?
Berbaron bazkide lez hasi nintzen. Euskara zerbitzuari dagokionez, AEKri eskerrak hasi nintzen lan horretan. Udaleko euskara zerbitzuan Juan Antonio Atutxa zegoen teknikari. Euskara kontseilu bat zegoen eta Andoni Mujika ere bertan zebilen. Euren artean oso hartu-eman ona zuten. Gainera, sasoi hartan Andoni Mujika udaleko langilea eta Berbaroren sortzailea izan zen. Argi zuten euskara normalizatzeko plan bat behar zela administrazioan. Txosten bat landu zuten bien artean. Horixe izan zen abiapuntua euskara zerbitzuan beste langile bat kontratatzeko. Herritar moduan hainbat euskaltzale eta eragilek prentsaurrekoa eman genuen euskara zerbitzua bultzatzeko, eta, handik gutxira, postu hori betetzeko proposamena egin zidaten. Ez nuen asko pentsatu eta baietz erantzun nien.
Euskara zerbitzuak zein garapen izan du?
Eusko Jaurlaritza udalei euskara planak gomendatzen hasi zen, lau urteko epeagaz. Aurretik ekintza solteak egiten genituen, baina marko orokorrik barik.
Euskararen erabileran zein garapen igarri duzu?
Ezagutzan aurrera goaz, baina erabilera da indartu gura duguna. Transmisioa oso lotuta dago erabileragaz, eta hor ere igartzen da gabezia. Transmisio hori huts egiten dabil. Kontu generazionala dela uste dut, neurri batean.
Berbarok lan handia egin du arlo horretan.
Sortu zenetik egindako bidean igarri da herrian. Gaur egun dituen egitasmoak horri begira daude: umeak eta gazteak. Zerbitzu-enpresa forma ere hartu du, baina beti helburu jakin bategaz: euskararen erabilera, sentsibilizazioa, motibazioa... Eta hau guztia baita helduentzat ere. Administrazioan euskara plana kudeatzen lagundu eta langileak trebatzeko saioak ematen ditugu.
Zelan baloratzen duzu administrazioa euskalduntzeko prozesu hori?
Administrazio barruan ez naiz arlo horretan lanean ibili azken urte hauetan. Hala ere, administrazioa ezagutzen dut apur bat. Nire ustez, administrazioan aurrerapen batzuk izan dira. Hezkuntzak aurrera egin duen neurrian, igarri da administraziora etorri diren langile berrien profila aurrekoena baino euskaldunagoa dela. Ezagutzari buruz nabil. Azken 10-15 urtean sartu diren langileak ezagutza horregaz etorri dira. Erabilera beste kontu bat da eta horretan udalak, eta administrazioak orokorrean, badu zeregina. Lehentasuna erabatekoa ez den bitartean oso gatxa izango da.
Euskara ikastea oso gatxa dela diote batzuek, administrazioko profilei dagokienez. Zuk zeuk euskara "galdu" egin zenuen eta berriro ikasi zenuen.
Euskaldunberria naiz, baina neurri batean. Ama euskalduna zen eta amama bizi zen artean eurekin euskaraz egiten genuen. 12 urtera arte euskaraz jarduten genuen. Sasoi hartan, Landako baserri ingurua zen, eta kalean gaztelaniaz berba egiten genuen lagunekin. Eskolan ere gaztelaniaz ikasi genuen, eta galdu egin nuen euskara, galdu euskaraz berba egiteko erraztasuna. Ondoren, berreskuratze prozesu bati ekin nion. AEKn hasi nintzen eta lauzpabost urte egin nituen mailarik maila. Gero, bertan geratzeko endredatu ninduten. Irakasleak behar zituzten eta lanean nenbilen lantegia txarto zebilenez, AEKra joatea erabaki nuen. Urte gutxira, fabrika hura zarratu egin zuten. Damurik ez! Mundu hau ezagutu nuen.
Euskalgintzaren aldetik, Durangon zein erronka ikusten dituzu?
Durangon hainbat eragile dago euskarari bultzada emateko, bai erabileran eta baita transmisioan ere. Hala ere, inpresioa dut eragileok tren berean goazela baina bakoitza bere bagoian: hezkuntza, elkarteak, udala... Hartu-emanak egon badauden arren, askotan zerbitzuak emateko dira. Gure artean lotura handiagoa egon beharko litzateke. Eragileok euskarari bultzada emateko, bagoi bakarreko tren bat izan beharko litzateke, denok batera joan gaitezen.
Euskaraldia dinamizatzen ibili zara. Aurten ere badator hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa.
Jendearen aldetik entusiasmo gehiago nabaritu gura nuke. Euskaraldiak proposatzen dituen dinamikak onak dira, interesgarriak. Baina hori urte birik behin lantzeaz gainera, jarraipena beharko luke. Oraingoan elkarteetan ipini dugu fokua ariguneak martxan ipintzeko. Oso jarrera onagaz erantzun digute. Euren arteko jardunean hortxe txertatzea izango litzateke hurrengo pausoa.
Ainhoa Zabartek hartuko du zure lekukoa. Zein aholku emango zenioke?
Oso gatxa da aholkuak ematea. Berbaroko lantaldean ondo integratzea, batez ere horixe izango delako bere oinarria eta laguntasuna emango diona denerako. Baliabideak eskainiko dizkiote edozein ekintza planteatzeko. Pertsona ekimentsua da eta gertu dago lanerako.
Berbaron hainbat proiektu jaiotzen ikusi duzu. ANBOTO, Plateruena...
Berbarok herrian eragin duena argi erakusten duten proiektuak dira, bai ANBOTO eta baita Plateruena ere. Plateruena Berbarok bultzaturiko proiektua izan zen. Durangon egon den ekimenik inportanteena izan daiteke. Euskaratik sortuta, euskal kultura bultzatu eta zabaldu duena eta gaur egun geldirik dagoena. Berbaro hortxe egon da, antzokia sortu zenetik zarratu arte. Bere hutsunea igartzen da. Euskararen erabilera eta sentsibilizazioa elikatu ditu kultur ekintzen bitartez, eta espazio bat izan da kulturgileentzat. Plateruenak oso lan inportantea egin du.
Garrantzitsua litzateke aurrerantzean Plateruenak irizpide horiek mantentzea.
Bai, kudeaketa eredua agian aldatu egin beharko litzateke, edo ez. Baina bere ezaugarriak mantenduta. Gaur egun Plateruena ezinbestekoa da. Eta ANBOTO ere bai.
Horri buruz ere galdetu gura nizun, ANBOTO ere euskara elkarteek sorturiko proiektua da eta.
Durangaldeko euskara elkarteen proiektu bat izan zen. Berbarok bultzada handia eman zion proiektuari. Erazetik ANBOTOrako jauzian batez ere. Lan handia egiten duzue.
Orduan, aukera ona izango da zure jubilazio aurreko azken lan egunean ANBOTOn agertzea. Zein mezu bidali gura duzu agur modura?
Agur eta kito (barrez). Ni banoa ordainpeko lanetik. Gero, ikusiko dugu. Hori bai, militantziagaz jarraituko dut.
ANBOTOko kolaboratzaile izateko aukera asko duzu.
Urte askoan zutabegile izan nintzen, baina ikusiko dugu.
Txirrindularitzak utziko dizu tarteren bat testuren bat idazteko? Orain astia izango duzu pedalei eragiteko.
Iurretako taldean ibiltzen naiz. Gehienetan jubilatuekin elkartu izan naiz, eta orain bai, euretariko bat izango naiz. Gure irteerak eta planak egiten ditugu. Gura nuke elkartean ekarpena egitea. Zuzendaritzan nago eta hortxe jarraituko dut.