Gauzak horrela, Kurutziaga ikastolan energiaren %25 eguzki aurreztuko dute plakei eskerrak. Ibaizabalen kasuan, %33 aurreztuko dute. "Balio eta ideia asko ikastolen nortasunaren parte dira berauek sortu zirenetik, eta gaur egun ere filosofia horregaz jarraitzen dugu", adierazi du Iker Gómez de Segura Ibaizabal ikastolako arduradunak. Urko Rodríguez Kurutziagako zuzendariak, bere partetik, "ikastolen iraunkortasunaren aldeko ahalegin lez" definitu du energia berriztagarrien aldeko apustua. "Erantzukizun bat dugula uste dugu eta horri erantzun gura izan diogu", gaineratu du.
Goiener, bidelagun
Bai Kurutziaga ikastolak eta bai Ibaizabal ikastolak Goiener irabazi asmorik bako energia kooperatibagaz landu dute proiektua. "Filosofia bateratu batean" gauzatu dute obra, Urko Rodriguezek adierazi duenez. Bestalde, Goienerreko kide Xabier Loyartek adierazi du euren proposamena "ohiko merkatu merke horretatik kanpora" dagoela. Alde horretatik, "plaka fotoboltaikoen bidea energia demokratizatzeko bidea" dela iritzi dio. Iker Gómez de Segurak "autokontsumoaren eta energia propioa sortzearen" balioa azpimarratu du. Kontsumo eraginkorrago bat sortzeko doikuntza lanak eginda, etorkizunean energia gastua murriztea eta aurrezpen ekonomikoa ekartzea gura dute.