Durangoko EAJk Arartekora jo du gobernu taldeak oposizioaren eta herritarren eskubideak "urratu" dituela iritzita

Anboto 2022ko ira. 15a, 14:05
Durangoko EAJk 2020ko azaroan egindako agerraldi bat.

Jeltzaleek diote gobernu taldeak "gardentasunari, gobernu irekiari eta parte hartzeari buruzko Araudi Organikoaren lau printzipio urratzen" dituela, "gutxienez". 

Durangoko EAJk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Arartekora jo du gobernu taldeak "oposizioko zinegotzien eta herritar batzuen eskubideen kontrako eskubideak urratu" dituelakoan. Jeltzaleek hedabideetara bidalitako oharrean azaldu dutenez, kexa, atzo, irailaren 14an, erregistratu zuten Arartekoan. EAJren iritziz, gobernu taldeak "behin eta berriz" urratu ditu oposizioko zinegotziek "tokiko ordezkari gisa dituzten eskubideak", oposizioko kideen lana "izugarri" zailtzeraino.

Urraketa horien adibide modura ipini dituzte honako hauek: "Herritarren parte hartzearen eta lankidetzaren printzipio orokorra ez betetzea", EAJren iritziz, oposizioari ez baitizaio "udal gaiei buruzko mozioak aurkezten uzten"; "Printzipio Aktiboaren printzipio orokorra" ez betetzea, "formalki eskatutako informazioa ez emategatik"; "Informazio kalitatearen printzipio orokorra ez betetzea", eta "tratu-berdintasunaren eta diskriminazio ezaren printzipioa" ez betetzea, "aipamenengatiko esku hartzeak eteteagatik". 

EAJk "egoera bidegabe horri amaiera emateko" asmoz jo du Arartekora.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!