Sarek Durangoko euskal presoen egoera aztertzeko berbaldia eskainiko du hilaren 16an

Anboto 2022ko ira. 7a, 09:33

Joseba Azkarraga plataformako kideak eta Txema Matanzas abokatuak "gaur egungo egoera zein den" azalduko dute. Berbaldia arratsaldeko 19:00etan izango da.

Azken urteotako aldaketek herritarrengan "galdera eta zalantza asko" sortu dituztela eta, Durangoko Sarek herriko euskal presoen egoera azaltzeko berbaldia antolatu du. Joseba Azkarraga Sareko kideak eta Txema Matanzas abokatuak "gaur egungo egoera zein den" azalduko dute "legediari buruzko nondik norakoak" plazaratuta. Berbaldia hilaren 16an izango da Durangoko Hizkuntza Eskolako aretoan. Saioa Nerea Iriartek gidatuko du. Sarek eskualdeko herritarrak eta elkarteak gonbidatu ditu berbaldira, euskal presoen egoerari buruzko informazioa jaso dezaten.

Durangoko Sareren berbetan, "Durango egoera berriaren argazki garbia" da. "Zortzi presotatik zazpi bigarren graduan daude, eta hirugarren graduan, bat", diote. Plataformak gaineratu du zortzi preso horietatik zazpi Euskal Herriko espetxeetan daudela. Lola López Resina baina Logroñon (Errioxa, Espaina) dago preso. Sarek haren "berehalako euskal herriratzea" eskatu du.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!