Durangoko Udalak 209.787 euro inbertituko ditu herriko kaleak asfaltatzeko

Anboto 2022ko abu. 13a, 09:00

Lanak dagoeneko esleitu dira eta abuztuaren amaieran hastea espero da.

Durangoko Udalak hainbat asfaltatze lan egingo ditu datozen asteetan herriko hainbat kaletan, galtzadaren egoera txarragatik ibilgailuetan kalteak saihesteko, ohar batean azaldu dutenez. Gainera, hainbat puntutan seinale horizontalak hobetuko dira.

Lanak Asfaltia S.L. enpresari esleitu zaizkio, 209.787 euroan. Aurreikuspenen arabera lanak abuztuaren amaieran hasiko dira eta herriguneko hainbat errepidetan zentratuko dira.

"Hainbat urtez ez da inolako kanpainarik egin Durangoko udalerrian trafikoari irekitako kaleen egoera hobetzeko. Jarduera horien bidez, erabiltzaileen erosotasuna eta segurtasuna hobetu nahi dira. Era berean, udal bide ondarea zaindu nahi da, are gehiago hondatu ez daitezen eta, kasu batzuetan, zoladura erabat berritu behar ez dadin", azaldu dute.

Asfaltatze kanpaina honetan berritu beharreko kaleak Zumalakarregi-Montevideo, Faustebidea, Zabalarrako biribilgunea, Larrasoloeta-Antso Estegizko bidegurutzea, Askatasun Etorbidea eta Aramotz arteko zatia, Agirre Lehendakaria eta Tabirabide izango dira. Bestalde, Larrasoloeta eta Herriko Gudarien kaleetako hiru irtenguneen maila murriztuko da.

Lanak egiteko ordena Udalaren Bulego Teknikoak eta Udaltzaingoak ezarriko dute, trafiko mozketek durangarren egunerokotasunari ahalik eta gutxien eragiteko. Lanen iraupena meteorologiaren araberakoa izango bada ere, lanen gehieneko iraupena bost hilabetekoa izan daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!