"Dispertsioak" Gorka Palaciosi dakarkion "zigor erantsia guztiz zentzugabea" dela salatu du Sarek

Anboto 2022ko uzt. 18a, 09:34
Durangoko Sarek iazko abenduan eginiko mobilizazio bat.

Durangoko Sareren berbetan, Palaciosen alabak aitarekin "hilean ordu eta erdiz egoteko aukera soilik" dauka. Azken lau urteotan, gurasoek bi bider ikusi dute semea, adinagatik "ezinezkoa zaielako Durangotik horrenbeste kilometrora bisitak egitea". 

"Euskal presoen etxerako bidea gertu dagoen arren, tamalez, badira oraindik Gorka Palaciosenak bezalako kasuak", adierazi du Durangoko Sarek hedabideetara bidalitako oharrean. Palaciosen senideek, "astebururo 1000 kilometroko bidaia" egin behar izaten dutela salatu du elkarteak. "Astebururo Madrilera bidaia egitea 150 euroko gastua da, eta hilean behin familiarekin dituzten aurrez aurrekoak egin ahal izateko, 300 euroko gastua dute senideek, zapatua eta domeka behar dituztelako hain zuzen", azaldu dute. Palacios Estremerako presondegian dago gaur egun (Madril).

Horrez gainera, Sarek salatu du Palaciosek adin txikikoa den alaba bat daukala, eta alabak aitarekin hilean ordu eta erdiz egoteko aukera "soilik" duela. Bestalde, "adinekoak" dituen gurasoek "bi bider ikusi dute semea azken 4 urteotan". Izan ere, "beraien egoera dela medio, ezinezkoa zaie Durangotik horrenbeste kilometrora dauden espetxeetan bisitak egitea", azaldu du Sarek.

Euskal presoen eskubideen aldeko elkarteak adierazi duenez, Palaciosek "aspaldi" eskatu zuen Euskal Herriratzea, baina "badira zenbait hilabete erantzunik jaso ez duela". Durangoko Sarek "salbuespen legediarekin bukatzea" eskatu du "Gorka Palacios eta gainontzeko guztiak "etxeratzeko". 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!