Durangoko EAJk osoko bilkuretako interbentzioen araudia definitzea eskatu du

Anboto 2022ko uzt. 6a, 15:57

Jeltzaleek ekaineko osoko bilkuraren txosten juridikoa eta gobernu taldeko kideen "barkamen publikoa" eskatu dute, azkenengo osoko bilkuran "EAJko bozeramaileari ez ziotelako hari egindako aipamen bat erantzuten utzi".

Durangoko EAJk ohar batean zabaldu duenez, gobernu taldeko kideak "etengabe eta despotikoki" ukatzen ari dira jeltzaleek osoko bilkuretan berba hartzeko duten eskubidea. Ekaineko osoko bilkura ipini dute horren adibide modura. Jeltzaleen berbetan, "EAJko bozeramaileari ez zioten hari egindako interpelazio bat erantzuten utzi" ekainaren 29ko plenoan. Hori dela eta, 8 zinegotzi jeltzaleek osoko bilkura horren txosten juridikoa egitea eskatu diote udalari. Horrez gainera, "barkamen publikoa" ere eskatu dute, euren berbetan "alkateak bozeramaile jeltzaleari leporatu baitio herritarrak engainatu gura izatea".

Azken puntu hau ulertzeko osoko bilkuran izandako eztabaidetako batera jo behar da. Alde Zaharreko bizilagunek zinegotziei aurkezturiko kexa-sortara, hain zuzen ere. Jorge Varela Herriaren Eskubideko zinegotziak adierazi zuen udal gobernu taldea hainbat ordenantza zirriborratzen dabilela: bozgorailuen erabilerari buruzko ordenantza, barraketako musikari buruzko ordenantza, kontzertuen eta ekitaldien ordenantza eta espazio publikoa okupatzeko ordenantza aipatu zituen zehatz esanda. Mireia Elkoroiribe bozeramaile jeltzaleak "harriduraz" hartu zituen Varelaren adierazpenak, ordenantza horien berri "prentsa bidez" izan zutela adierazita. Horren ostean etorri zen Ima Garrastatxu alkatearen hitz hartzea. Alkateak Elkoroiriberen berbak zuzendu zituen "hainbat ordenantza" barik "ordenantza bakarra" zela jakinarazita, eta Elkoroiribek herritarrak "engainatzeko" asmoa izan ote zezakeen iradokita. Orain, EAJren eskaria etorri da: "barkamen publikoa" egitea eta  ordenantzak hainbat diren ala bakarra den argitzea eskatu diote gobernu taldeari.

ROM eta alderdien hitz hartzeak

Bestalde, Durangoko EAJk ROM bezala ezagutzen den araudia definitzea eskatu du. Araudiak talde politiko bakoitzaren hitz hartzeak eta interbentzio ordenak arautzen ditu besteak beste. Jeltzaleen iritziz, halako tresna bat ez izateak egoera "ilogikoan eta bidegabean" uzten du Durangoko EAJ. Ez da ROM bat definitzeko eskakizunak Durangoko udalbatzetan irteten duen lehen aldia. Legegintzaldi honetan bertan, EAJk beste behin ere eskatu izan du. Eta aurreko legegintzaldietan ere, oposizioan zeuden EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak ere eskatu izan zioten, gobernuan zeuden EAJri eta PSE-EEri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!