Kultur azpiegituren kudeaketan "inprobisazioa eta planifikazio falta" daudela kritikatu ditu EAJk

Anboto 2022ko eka. 16a, 09:31

Durangoko jeltzaleen iritziz, Correosen eraikina kultur etxe bat egiteko birgaitzea "inprobisazio bat besterik ez da Pinondo Etxea itxi eta desegin gura izan ondoren". Plateruenak urte bi zarratuta egingo dituela eta, haren geroa "ez atzera ez aurrera" dagoela kritikatu dute.

Durangoko EAJk zalantzan ipini du gobernu taldearen kultur azpiegituren kudeaketa. "Inprobisazioa eta planifikazio falta" kritikatu dute. Gobernu taldeak Correosen eraikin zaharrean kultur etxe bat atontzeko daukan ideia "albiste ona" izan zitekeen jeltzaleen iritziz, "inprobisazio bat" ez balitz. "Bagenuen kultur etxea, Pinondo Etxea, legegintzaldi hasieran itxi zutena, birgaitzea oso garestia zela argudiatuta", adierazi du Jon Sergio zinegotziak. "Orain, osoko bilkura batean jakin dugu, batzordean ez baitzuten jakitera eman, Correosen eraikina birgaitu gura dutela, gaur egun antolamenduz kanpo dagoen eta babestutako multzo historiko batean izan beharko luken estetikarik ez duen eraikin bat", kritikatu du. 

Plateruena, "ez atzera ez aurrera"

Plateruenak ia urte bi zarratuta daramatzala eta, jeltzaleek kezka agertu dute azpiegituraren geroarekiko. "Tailer parte-hartzaileak egin ziren harekin zer egin daitekeen ikusteko. Ekarpen guztiak positiboak izan ziren," adierazi du EAJk. "Baina, hemen jarraitzen dugu Herriaren Eskubidearen eta EH Bilduren gobernu taldeari ez atzera ez aurrera geratu zaion prozesu parte hartzaile honen emaitzaren zain", kritikatu du Jon Sergiok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!