Amurrion hasi zen atzo, martxoaren 31n, eta apirilaren 10ean bukatuko da Donostian. Gaur, apirilaren 1ean, pasatu da Durangaldetik. Txikitatik pozik eta ilusioz beterik ospatu izan dugu Korrika 2 urterik behin. Musika, giroa, jendea, euskara... eta denok arineketan, nola ez zaigu gustatuko ba? Euskaldunontzat egun bereziak eta politak izan ohi dira.
Normalean txapelketez edo kirol profesionalaz hitz egiten dut atal honetan, baina gaurkoan honako hau gai interesgarriagoa delakoan nago. Beti animatu nahi izaten dut jendea kirola egitera, lasterketa herrikoietan parte hartzera, eta oraingoan, beste helburu batekin bada ere, korrika egitera animatu nahi zaituztet gelditzen diren egun hauetan. Bakoitza libre da nahi duen lekuan hasteko eta nahi duen lekuan amaitzeko, eta korrika baino... oinez egin daiteke hainbat lekutan. Beraz, ez dago aitzakiarik, jantzi ditzagun zapatilak euskararen alde, egin dezagun korrika gure herriaren alde, osatu ditzagun milaka kilometro denon artean eta lortu dezagun izan dadila aurreko 42 urteetan baino jendetsuagoa. Zeharkatu dezagun Euskal Herria denon pausoekin, eta osatu ditzagun gure elkarrizketak euskarazko "Hitzekin".