Abenduaren 15ean, asteazkena, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen COVID ziurtagiriaren eskakizuna ostalaritza osora, kultura eta kirol ekitaldietara eta ospitale, egoitza eta espetxeetara egindako bisitetara zabaltzea (47/2021 DEKRETUA); neurri hori, gure ustez, bidegabea eta diskriminatzailea da, hemen azaldu dugun bezala. Ostiralean, hilaren 17an, jakin genuen neurria museo eta liburutegietan ere aplikatuko zela. Hala, goiz hartan bertan –jakinarazi zidatenez, Kultura Sailetik bidalitako mezu elektroniko bati erantzunez– Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekako bi sarreretan honako hau zioen kartel bat zegoen: BEHARREZKOA COVID ZIURTAGIRIA.
Hala ere, hilaren 17an bertan, Lakuak agiri bat argitaratu zuen dekretuaren nondik norakoak argitzeko: hau. 7. orrialdean, honako galdera hau irakur dezakegu: Covid ziurtagiria beharko da zentro zibiko edo liburutegietan? Eta erantzuna: “Bai, kulturale espazioak diren heinean. Ez zaie eskatu beharko liburutegietara liburua hartzera joaten direnei, ezta liburutegia bera lan-eremutzat dutenei ere (adibidez, ikertzaileak)”. [Hau agiriaren transkripzio zehatza da.]
Ostiral arratsaldean xehetasun horiek prentsan zabaldu baziren ere (El Correon hemen eta Naizen hemen), larunbatean, hilak 18, aurreko kartelaren ondoan beste bat jarri zen, ñabardurarik gabe, aurrekoa indartzen duena eta kaltetuen eskubide eta askatasunetarako arauaren aplikatze murriztaileago eta kaltegarriagoa iradokitzen duena.
Horregatik, gorago aipatutako dokumentazioa ikusita, Bizenta Mogel Bibliotekako arduradunei eraikinaren bi sarreretan dauden kartelak aldatzeko eskatzen diet.
Azkenik, ez dut gutun hau amaitu nahi beti adeitsu eta trebeak diren liburutegiko langileei agur bat bidali gabe.
Adeitasunez,
Ander Berrojalbiz
P.S.: Frantziar Estatuan, COVID ziurtagiria liburutegi publikoetara sartzeko baldintza gisa 2021eko abuztutik indarrean dago. Beste Beste gutun ireki honetan, liburuzain frantses batek bere arrazoiak ematen ditu lan egiten duen liburutegiko erabiltzaileei ziurtagiria eskatzeari uko egiteko.
Irakurleari: zure herriko liburutegian gorago deskribatutakoen antzeko egoerak gertatzen badira, ekin eta zabaldu. Testu hau lasai erreproduzitu daiteke.
[Oharra: Abenduaren 20an, goizean, liburutegiko arduradunak nirekin harremanetan jarri dira gutuna eskertzeko eta kartelak aldatuko dituztela jakinarazteko. Ohar hau idazteko unean kartelak kenduta daude.]