EH Bildu eta Herriaren Eskubidea-Podemos akordio batera iritsi dira PSErekin 2022ko aurrekontuak onartzeko

Anboto 2021ko abe. 19a, 19:08

Durangoko Gobernu Taldeak alderdi sozialistaren abstentzioa iragarri du prentsa ohar bidez.

Durangoko gobernu taldeak (EH Bildu eta Herriaren Eskubidea-Podemos) akordioa lortu du PSErekin, eta alderdi sozialista abstenitu egingo da 2022rako aurrekontuen bozketan. Horrela azaldu dute gobernu taldeko kideek prentsa oharrean. "Joan den asteazkenean aurrekontuen gaineko irizpena eman zuen Antolaketa Batzordean bi aldeen arteko akordiorik lortu ez bazen ere, negoziazioek aurrera jarraitu dute, eta bi aldeek adostu dute PSEk aurkeztutako 11 emendakin onartzea, guztira 490.000 euroko balioarekin".

Ohar horretan diotenez hiru alderdietako ordezkariak "pozik" agertu dira lortutako akordioarekin: "Ezberdinen arteko akordioek beti dakarte hobekuntza durangarrentzat. Durangarrek merezi dute ordezkari politikoek seriotasunez, errealismoz eta arduraz jokatzea, eta akordio hau horren adibide da".

PSEren abstentzioagaz,  38.711.152,89 euroko aurrekontuak onartzea aurreikusi dute.  2022rako proiektuen artean, San Roke eta Juan de Itziarko auzo-etxeak, Andra Mari elizpea berritzea, Pinondo plaza eta haren atzeko parkea birmoldatzea, edota 205.000 eurorekin haur-jolasak hobetzea nabarmendu dituzte, beste hainbat proiekturen artean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!