EAJk osoko zuzenketa aurkeztu die Durangoko udal aurrekontuei

Anboto 2021ko abe. 14a, 15:33

Jeltzaleen berbetan, gobernu taldearen "konpromiso, seriotasun eta gardentasun faltak bideraezina egiten du akordio berri bat".

Durangoko EAJk ohar bidez aurreratu du osoko zuzenketa aurkeztuko diola Durangoko 2022rako udal aurrekontuari. Erabaki hori hartzeko arrazoien artean "Ondasunen eta Higiezinen Zergaren neurribako igoera" eta 2021an adostutako aurrekontuak betetzeko "konpromiso eta seriotasun falta" nabarmendu dituzte. Azken puntu hau dela eta, EAJk dio duela urtebete merkataritza, turismoa eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko neurriak adostu zituztela. Baina adostutakoen gauzatze maila "eskasa" litzateke, jeltzaleen esanetan gobernu taldeak ez duelako adostutakoa betetzeko "konpromiso serio eta errealik" hartu. "Konpromiso horiek 2022ko aurrekontuan jarrikortasunik ez dutenez", eta "gobernu taldea aurrekontuen balizko negoziazioetara batere hurbildu ez denez", EAJk "bideraezina eta baliaezina" deritzo aurrekontu-akordio bat lortzeari.

Aurrekontu parte hartzaile "barregarriak"

EAJk kritikatutako beste puntu bat aurrekontu parte hartzaileetara bideratutako diru kopurua da. Kopuru "barregarria" da, jeltzaleen esanetan. Azaldu dutenez, Durangoko Udalaren aurrekontua % 14,29 hazi da 2021az geroztik, baina aurrekontu parte hartzaileetara bideratutakoa "izoztuta" geldituko da, aurtengo jardunaldiaren pare. 100.000 euroan.Horregatik guztiagatik, Durangoko EAJk osoko zuzenketa aurkezteko erabakia hartu duela jakinarazi du Mireia Elkoroiribe bozeramaileak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!