Durangoko Sarek giza katea egitera deitu du, euskal presoen "eskubideak bermatzea" eskatzeko

Ekaitz Herrera 2021ko abe. 10a, 18:31

Mobilizazioa abenduaren 31n egingo dute. Bestalde, durangarrak deitu dituzte abenduaren 18an espetxeetara egitekoak diren martxetara, eta urtarrilaren 8an Bilbon egitekoa den manifestaziora joatera.

Durangoko Sareren arabera, herriko euskal presoek bizi duten egoera "Euskal Herriko egoeraren ispilu" da. 8 presoetatik 2 bakarrik daude Euskal Herriko kartzeletan kondena betetzen. Gillermo Merino da bat (Basauriko kartzelan dago preso), eta Iurdan Martitegi da bestea (Martuteneko kartzelan dago). Sarek gaineratu du atzo jakin zuela Gorka Lupiañez ere Euskal Herriko kartzelaren batera lekualdatuko dutela, baina plataformak ez du oraingoz "zehaztasunik" jaso. Durangoko Sareren berbetan, "herriko preso guztiek dute kondenaren laurdena beteta eta bigarren graduan daudenez, irteera baimenak eskuratzeko eskubidea daukate, baina hala ere, orain arte preso bakarrari eman diote irteera baimena". Zentzu horretan, 2003ko Lege Organikoa "bertan behera" geratu beharko litzatekeela iritzi dio, "salbuespeneko legedi hau salbuespen egoera bati erantzuteko" sortu zelakoan. Gainontzean, senideek, lagunek eta seme-alabek presoak bisitatzeko egin beharreko distantziak kritikatu dituzte. Baita "baztertuta" dauden emakume presoen egoera ere. Gainera, Gregorio Vicario larriki gaixo dauden euskal presoen zerrendan dago. Orain dela gutxi ebakuntza egin diote Leongo ospitalean.

Hori guztia dela eta, presoen eskubideak bermatzea eskatzeko mobilizazioak deitu ditu. Abenduaren 31n giza katea egingo dute Durangon. Bestalde, durangarrak deitu dituzte abenduaren 18an espetxeetara egitekoak diren martxetara, eta urtarrilaren 8an Bilbon egitekoa den manifestaziora joatera.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!