'Euskararen telefonoa', Durangoko establezimenduei euskararen erabilera errazteko

Anboto 2021ko abe. 1a, 15:21

Euskarari lotutako beharrizanen bat duten ostalari zein dendari durangarrek 630474332 telefonora jo ahalko dute hemendik aurrera, itzulpengintza edo aholkularitza zerbitzuak modu zuzenean eskatzeko.

Durangoko Udalak pauso bat gehiago eman du herriko merkatariei eta ostalariei euskara zerbitzuak eskaintzeko. 'Euskararen telefonoa' deituriko zerbitzua sortu dute, establezimenduetan lan egiten dutenekin hartu eman zuzena izateko. Hau da, euskarari lotutako beharrizanen bat duten ostalariek zein dendariek 630474332 telefonora jo ahalko dute hemendik aurrera, zerbitzu eske. Besteak beste, itzulpenak eta aholkularitza zerbitzuak eskatu ahalko dituzte. Baita diru laguntzak ere. Telefonoaren beste aldean egongo diren euskara teknikariek ahalik eta azkarren erantzungo diete eskatzaileei. Horretarako nahikoa izango da bertara deitzea edo Whatsapp mezua idaztea. Udal agintariek "oinarrizkotzat" jo dute merkatariekin "harreman zuzena eta hurbilekoa" izatea, komunikazio "etengabekoa" eta, batez ere, "euren beharrizanei berehala" erantzutea. 

Euskara Sustatzeko Ekintza plana
Sarean, bezeroekiko harremanetan eta paisaia linguistikoan euskara areagotzeko asmoz, Durangoko Udalak hainbat helburu jaso ditu Euskara Sustatzeko Ekintza Planean. Horien artean daude merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetan ahozko eta idatzizko erabilera handitzea, Dendak Bai elkartearekin euskararen erabilera areagotzea barnebiltzen duen hitzarmena eta laguntza teknikoak zein ekonomikoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!