Euskarak “larrialdi linguistikoa” bizi duela diozue. Zeintzuk dira arrisku seinaleak?
Betidanik jaso izan ditugun erasoak lotsarik barik areagotzen dabiltza aspaldian: epaitegietatik hizkuntza politika egiten ahalegintzen dira, Molac legeagaz eta halakoekin; euskaraz ikastea oztopatu gura dute; nafarren hizkuntza eskubideek zonifikatuta jarraitzen dute; euskaldunak burgesiagaz eta pribilegioekin lotzen gaituzte… Hizkuntzaren gatazka agerian geratzen dabil.
Egoera eraldatzeko marko juridikoa aldatu beharra dagoela diozue, erdigunean independentzia ipinita. Independentzia al da euskara salbatzeko irtenbide bakarra?
Euskararen errepublika izango da tresnarik eraginkorrena euskaraz bizi ahal izateko. Horregaz bakarrik ez da nahikoa izango, jakina, baina kanpoko esku hartzerik barik eta hizkuntza politika burujabea bertan erabakita, Euskal Herri euskalduna eraikitzeko aukera izango dugu.
Gaur egun indarrean dagoen legedia “agortuta” dagoela diozue.
Hamarkadetan indarrean egon diren hizkuntza politikak agortuta daudela diogu, bai. Lurralde batzuetan asko aurreratu bada ere, azken hamarkadan etenaldi bat egon da eta atzeranzko joerarako arriskuan gaude. Lorturikoa irabazpidean ipintzeko garaia da, jauzia behar dugu legedietan, hizkuntza politiketan, hezkuntzan, garai berrietara egokitu…
'Ikusmira' manifestuan diozuenez, herririk herri, eremurik eremu, hasiko dituzue dinamikak. Maila mikrotik makrorako estrategiak zelan lagundu dezake egoera eraldatzen?
Auzo batean, herri batean edo eremu funtzional batean garaturiko borrokak dira euskararen berreskurapenerako erregaia. Problematizatuz egoerak azaleratzen dira. Euskaraz bizitzeko aukerak sortzea eta sortuta daudenean hauen aldeko hautua sustatzea da bidea.
Zein da Plateruenaren egoerari buruz egiten duzuen interpretazioa?
Zenbatetan oroitu garen bere hutsuneaz zerbait antolatu behar izan dugunean! Euskararen arnasgunea izan da, euskarazko kulturaren sormenerako eta kontsumorako lekua, euskalgintzaren etxea… Proiektu berria ahalik eta arinen martxan ipintzea itxaroten dugu. Durangok, Durangaldeak, Euskal Herriak eskertuko du! EHEren partetik, babes osoa ematen diegu 'Plateruena eta gero zer?!' dinamikaren bultzatzaileei.