Durangoko EAJk gaztetxea izandakoa botatzeko akordioan aurrera egiteko eskatu dio gobernu taldeari

Anboto 2021ko aza. 25a, 14:22

Jeltzaleek diote URAk eraikina botatzeko akordio bat helarazi diola Udalari.

Durangoko EAJk ohar batean jakinarazi duenez, "prentsaren bidez" jakin du "Uraren Euskal Agentziak hitzarmen bat helarazi diola Durangoko Udalari". Hori dela eta, eraikina botatzeko akordioan "aurrera egiteko" eta "eman beharreko pausoak emateko" eskatu diote EH Bilduri eta Herriaren Eskubideari. Mireia Elkoiribe bozeramaileak adierazi du "askoz lehenago konpon zitekeen proiektua" dela, eta denboran "larregi luzatzen ari dela".

Kontua kokatzeko urte batzuk egin behar da atzera. Pasa den legegintzaldian, URAk eta orduko gobernu taldeak (EAJ eta PSE-EE) eraikina botatzeko akordioa sinatu zuten. Alde bakoitzak 425.000 euro ipiniko zituela adostu zuen. Baina Elkarrekin Podemos-Herriaren Eskubidea taldeak helegitea ipini zien asmo horiei, eraikina botatzeko arduraduna URA delakoan. Puntu hori auzitegietan dago, eta erabat argitu barik dago oraingoz. Dena dela, otsaileko osoko bilkuran, udal idazkariak "nulutzat" jo zuen akordioa. Bere berbetan, ituna ez zen inolako txosten juridikotan oinarritu eta ez zen erabakia justifikatzeko txosten fiskalik aurkeztu. EAJk dio arazoak konpondu barik jarraitzen duela "agintean daudenek prozesu judiziala hasi zutelako".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!