Berbaro euskara elkarteak dinamika berri bat hasi du gaur, umeekin dauden helduen artean ahalik eta euskara gehien egin dadin bultzatzeko. Dinamikak Haurren aurrean, helduok heldu du izena, eta umeekin esku hartzen duten guraso, zaintzaile edo hezitzaileak eragin gura ditu hizkuntza harremanetan euskarari eutsi diezaioten. Berbarok ohar bidez adierazi duenez, "eragin bikoitza" lortu gura du: "Alde batetik, helduen artean hizkuntza ohituretan eragitea; eta, bestetik, helduak umeentzako erreferentzia positibo bihurtzea hizkuntzari dagokionez".
Hori dela eta, dinamika honen erakusgarri diren olanak ikusgai egongo dira, datozen bi asteetan, Durangoko hainbat parketan. Horrez gainera, baita dinamikan parte hartzen ari den jendearen identifikagarri pertsonalak ere. Berbarok esan duenez, dinamika aurrera eramateko batzordeak asteak daramatza beharrean: "Batzordean 0-12 urte arteko umeak dituzten ikastetxe guztietako gurasoak daude, eta Berbaro Elkarteak dinamizatzen du. Durangoko Udalak baliabide ekonomikoak eta azpiegiturak ipini ditu dinamika posible egin ahal izateko".