Kale zurrutaz eta bizikidetzaz "kontzientziatzeko" bilerak hasi dituzte Durangon

Anboto 2021ko ira. 17a, 12:36

Durangoko Udalak bilera sorta hasi du azken asteotako kale zurruten aurrean "irtenbide bat" lortzeko. Momentuz, gazte talde batekin batu da. Datozen egunetan bilera gehiago egingo dituzte bestelako eragileekin.

Besteak beste aisialdi taldeak, guraso elkarteak eta Durango Familiak deitu dituzte bileretara. Aurrera begira auzo elkarteekin ere batzeko asmoa dute. Udalak dio bileren helburua "kale zurrutean parte hartzen duten gazteak kontzientziatzea" izango dela, "haien gaueko aisialdiak bizilagunei eragozpenik sor ez diezaien". Udalaren berbetan, kale zurruta "erpin asko dituen arazo globala da" , hainbat faktorek esku hartzen dutelako bertan. Osasun publikoa, bizilagunen atsedena, hondakinak eta ingurumena zerrendatu ditu horien artean. Bestalde, horri guztiari "interes mediatikoa" eta gazteek beraiek pandemiagatik duten "ezinegona" gehitzen zaiola nabarmendu du.

Mezua gazteriari

Udalak, gazteriari: "Ulertzen zaituztegu, baina ulertu behar duzue zuen kale zurrutek zikinkeria sortzen dutela eta auzotarrek ezin dutela lorik egin. Errespetua eta ulermena eskatzen dizuegu, askok zuekiko izan ez duten gauza bera"

Udalak bi bide baino ez ditu ikusten. Karga poliziala edo kontzientzia eragitea. "Karga polizialarena baztertu egiten dugu, uste dugulako ez dela bide egokia. Bigarrena, eta sinisten duguna, kale zurrut horietan parte hartzen dutenei ulertaraztea auzotarrok ere atseden hartu behar dugula eta Durangok ez duela merezi kaleak zikinez argitzen ikustea". Kale zurrutean parte hartzen dutenei honako hau helarazi diete:  "Badakigu nazkatuta zaudetela, badakigu erakundeek askotan ulertzen ez dituzuen erabakiak hartzen dituztela. Badakigu hedabide batzuetatik kriminalizatzen zaituztetela errudun batzuk bilatu nahi dituztelako, beste gai batzuei buruz ez hitz egiteko. Benetan ulertzen zaituztegu, baina ulertu behar duzue, halaber, zuen kale zurrutek zikinkeria sortzen dutela eta auzotarrek ezin dutela lorik egin. Errespetua eta ulermena eskatzen dizuegu, askok zuekiko izan ez duten gauza bera".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!