[GUTUNA]: Eskerrik asko, Maitanetxu

Anboto 2021ko ira. 16a, 19:30

Iker Villanuevak ANBOTOra bidalitako gutun hunkigarria. 

Jaiotza. 1994ko abenduak 12. Elorrion. Ilehoria. Ibiltzen eta hitz egiten lehenengoetarikoa. Euskalduna. Irribarretsua. Polita.

Lehen eta bigarren hezkuntza, batxilergoa, ingeles ikasketak, alemana. Atzerrian egonaldiak: Hego Afrika, AEB, Alemania... Feminismoa, militantziak. Medikuntza ikasketak, Erasmusa, MIR azterketa. Espezialitatea: Barne Medikuntza, Alemanian. Beldurrik ez abentura eta desafio berriei. Inteligentea, umila, langilea.

Oinezean baino, korrika nahiago. Aldapan gora eta behera, lisuan baino. Krosak, pista, asfaltoa. Serieak. Mendia. Alluitz, Anboto, Udala. Pirinioak, aukeran Ordesa eta Panticosa. Bavariako alpeak. Via ferratak, eskalada. Abila, kementsua, indartsua.

Beti irribarretsu, beti alai. Lagun ona. Gardena, azpijokorik gabekoa. Txarrik egingo ez dizula badakizun pertsona horietakoa. Umoretsua. Ilusioz eta bizi grinaz betea, beti plan berrien bila. Bizipoza. Behin bakarrik ezagututa ere, ahazten ez duzun pertsona horietakoa.

6 urte dira elkar ezagutu genuela. Biontzako lehenengo amodioa. Bikote soila baino, bizi-kideak. Baserria erosteko plana, Elorrion, noski. 3 umetxo eduki nahi zenituen, niretzako larregi. Ezkontza-eraztuna oparitzeko galdegiten zenidan maiz.

Handia zinen, Maitanetxu, ikaragarria. Goiz joan zara, goizegi, ustekabean, 26 urterekin, bizitza osoa aurretik. Eskerrik asko bihotzez, zu ezagutzeko aukera emateagatik. Ez zaitugu sekula ahaztuko.

Musu handi bat, zauden lekuan zaudela.

Beti maiteko zaituen zure Ikertxoren partez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!