'Zaharraz harro' taldeak irabazi du Labur Esanda lehiaketaren aurtengo edizioa, 'G.A' bideoagatik

Anboto 2021ko ira. 13a, 11:01

Taldeak 300 euroko saria eskuratu du. Saritutako beste lanak Purpur taldearen "Desinstalatu" eta Tarkovskyren semeak taldearen izen bereko bideoa izan dira. Azken horiek 100 euroko sari bana jaso dute.  

Asteburu honetan Labur Esanda film laburren lehiaketa jokatu da Durangoko San Agustin kulturgunean. Berbaro euskara elkarteak bigarrenez antolatu du lehiaketa, eta iazko edizioaren aldean parte hartzea apur bat jaitsi den arren, elkartea pozik agertu da aurtengo emaitzagaz. Parte hartzaileek barikuan ekin zioten lanari. Arratsaldeko 16:00etan jaso zituzten filmak egiteko baldintzak: bideoaren gaia "gezurra" izan da, sartu beharreko objektua "aloe vera", eta esaldia, "inurriarentzat ihintza uholde". Taldeek 24 ordu izan dituzte baldintza horiekin filmak egin eta entregatzeko. Epaimahaia Arantza Arrazolak, Ander Sagardoyk eta Miren Erdoizak osatu dute.

Berbaro elkarteak eskerrak eman dizkie parte hartzaileei eta bigarren edizioa aurrera eramateko laguntza eman duten denei. Elkarteak azpimarratu du datorren urtean ere euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza bultzatzen jarraituko duela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!