Eusko Legebiltzarreko hainbat kidek Oinarrizko Lanbide Heziketa institutua bisitatu dute

Anboto 2021ko eka. 8a, 12:29

Ikastetxean orientazio zerbitzua ipintzea eta bertako makineria berritzea eskatu zion Udalak, Hezkuntza Sailari, otsailean. Gaur Eusko Legebiltzarreko hainbat kide Oinarrizko Lanbide Heziketa zentroa bisitatzera etorri da.

Mariam Bilbatua eta Julián Ríos zinegotziak Hezkuntza batzordeko kideekin batu ziren joan zen otsailean, Gasteizko legebiltzarrean. Oinarrizko Lanbide Heziketa institutuarentzat baliabide gehiago ipintzea eskatu zuten, eta ordu hartan egindako bilerak erantzuna izan du gaur. Eusko Legebiltzarreko hainbat kide Durangora etorri dira udal agintarien eskutik Oinarrizko Lanbide Heziketa zentroa bisitatzera. 

Hezkuntza Saila Lanbide Heziketa zentroei begirako 2021-2026 Hitzarmena ari da prestatzen, eta Durangoko Udaleko kideek hainbat proposamen egin zizkion zirriborroari. Besteak beste, zentroan ikasleentzako orientazio zerbitzua ipintzea eskatu zuen, horrela, lan munduan sortzen ari diren "profil berriak kontuan hartzeko". Bestalde, ikastetxeko "azpiegiturak eta makineria hobetzeko finantzaketa lerro bat" ipini zedin eskatu zuen.  Udal agintarien esanetan, ikastetxea Durangoko Udalak berak kudeatzen du, eta Durangalde osoko "120 ikasle inguru" batzen ditu. Zentroak "ikasleen gizarteratzea eta lan-etorkizuna" bermatzen laguntzen duela eta, udalari "garrantzitsua" iruditzen zaio bertan "hobekuntzak eskaintzea". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!