Durangoko Udalak bost tailer parte-hartzaile jarri ditu abian HAPOa lantzeko

Anboto 2021ko eka. 8a, 12:46

Plan horretan, etorkizunean garatu beharreko udalerriaren hiri-eredua ezartzen da

Ekainaren 14an lehen saio didaktiko bat egingo da San Agustin Kulturgunean. Lau tailer tematikoak asteartetan, ekainaren 22an eta 29an eta uztailaren 6an eta 13an egingo dira, Landako Erakustazokan.

Durangoko Udalak bost tailer parte-hartzaile jarriko ditu abian ekainaren 14tik aurrera, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) lantzeko. Udalak prentsa oharrean azaldu duenez, plan horretan, etorkizunean garatu beharreko udalerriaren hiri-eredua ezartzen da. Bost tailerren bidez, Durangoko Udalak herritarren ekarpenak eta ikuspuntua bildu gura ditu, "haien beharretara hobeto egokitutako HAPO bat garatzeko".

Durangoko egungo hirigintza-plangintza orokorra 2005ean onartutako Plangintzako Arau Subsidiarioak dira. Legedi berriak figura hori ezabatu zuen eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) esleitu zion udalerri bakoitzaren egiturazko hirigintza-plangintzaren erantzukizuna.

"Durangoko Udalean HAPOa lantzeko herritarren parte-hartzearen aldeko apustu garbia egiten dugu. Beste proiektu batzuetan bezala, gure nortasunaren ezaugarria herritarren parte-hartzea izan dadin nahi dugu, horregaitik, jendearengana hurbildu eta etorkizunerako nolako Durango nahi duten jakin nahi dugu", azaldu dute Aritz Bravo eta Jorge Varela zinegotziek.

Udalak orain arteko partaidetza-lanaren ondorioen balorazioa egin du.  "Ondorioztatzen denez, durangarrek Durango berdeago eta irisgarriago baten alde egiten dute, tokiko jarduera ekonomikoa babesten duena eta auzoen kalitatea hobetzen duena, etxebizitza eskuragarriak eskaintzen dituena eta haien eskaera asetzen duten ekipamendu eta espazioak eskaintzen dituena", dio udalak.

HAPO berriak hiri-kalitatea hobetzea, tokiko merkataritza hobetzea, jarduera berritzaileak erakartzea, mugikortasuna hobetzea, etxebizitza-eskaria asetzea, klima-aldaketaren erronkei aurre egitea, espazio libreetarako sarbidea hobetzea edo auzo degradatuenak leheneratzea erraztu ahal izango duela dio udalak.

Posta elektroniko edo whatsapp bidez izena ematea

Ekainaren 14an, astelehena, HAPO baten konplexutasuna eta kontuan hartu beharreko alderdi garrantzitsu guztiak ezagutarazteko saio didaktiko bat egingo da San Agustin Kulturgunean, 18:30ean.

Saio hau Durangoko HAPOaren helburuak eta irizpideak alderatu eta definitu nahi dituzten hurrengo lau tailer tematikoetarako abiapuntua izango da. Lau tailer tematikoak astearteetan, ekainaren 22an eta 29an eta uztailaren 6an eta 13an, egingo dira Landako Erakustazokan 18: 30etik aurrera.

Segurtasun-neurri guztiak betetzen direla bermatzeko, parte hartzeko plan@durango.eus helbidera mezu elektroniko bat edo whatsapp mezu bat bidali beharko da 620 868 350 zenbakira, ‘HAPOn parte hartzea + izen-abizenak’ adieraziz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!