Berbarok euskal hiztunen ahalduntze tailerra antolatuko du ekainaren 26an

Anboto 2021ko eka. 8a, 10:05

Tailerrean 20 lagunentzako lekua egongo da, eta bertan parte hartzeko izena eman beharko da.

Euskal hiztunok ahalduntzeko tailerra antolatu dugu Berbaro Elkartetik. Ekainaren 26an izango da, zapatuan, eta Berbagunean elkartuko dira. "Tailerraren helburua euskal hiztunok ekinbide indibidualetik euskarazko espazioak zabaltzeko ditugun aukerak identifikatzea eta egunerokotasunean ahalduntzeko irtenbide berriak irudikatzea da", azaldu dute Berbaroko kideek.

Saioa 09:00etatik 14:00ak artekoa izango da, tartean atseden batekin. Tailerrak ariketa teoriko eta praktikoak izango ditu, eta hausnarketa kolektiboa egingo dute, talde txiki eta handietan, metodologia parte-hartzaileen bidez. Saioaren dinamizazioa Emun aholkularitzako Ainhoa Lasak egingo du, horrelako tailerrak ematen urteetako esperientzia duenak.

Tailerrean 20 lagunentzako lekua egongo da, eta bertan parte hartzeko izena eman beharko da aldez aurretik esteka honetan: www.labur.eus/e26tailerra

20 euroko prezioa izango du tailerrak, eta Berbaroko bazkideek prezio erdian izango dute bertaratzeko aukera.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!