Durangoko ekonomia turismoaren bidez "suspertzeko" proposamena aurkeztu dio EAJk Udalari

Ekaitz Herrera 2021ko mai. 20a, 11:27

Asteburuetako paketeak eta herriko jatetxe eta hotelekin landutako eskaintzak sortzea proposatu du Durangoko EAJk. Proposamena 20.000 euroko aurrekontu zuzenketa bategaz garatu daitekeela dio.

Durangoko ekonomia suspertzeko "motorra" turismoa izatea gura du EAJk, eta hori "sustatzeko" proposamena helarazi dio gobernu taldeari. Mireia Elkoroiribe buru duen alderdiak "turismo-helmuga" lez kokatu gura du herria, eta, oro har, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei begira landu gura dute turismoa. "Mugikortasun-murrizketen amaierak, eguraldi onarekin eta mugitzeko beharrarekin batera, jendea beste helmuga batzuetara ateratzea eragingo du, eta, beraz, Drango kanpotik iritsi daitezkeen bisitarientzako helmuga erakargarria izatea lortu behar dugu, merkataritzak eta ostalaritzak ez dezaten aldaketa igarri", azaldu du Elkoroiribek.

20.000 euroko proposamena

Talde jeltzaleak proposamen sorta bat aurkeztu du, eta bertan islatutakoak aktibatzeko Udaleko aurrekontuetan 20.000 euroko zuzenketa egin daitekeela gaineratu du. Proposamenen artean honakoak daude: "Asteburuetako paketeak" eta "Durangoko hotel, jatetxe eta gastronomia saltokiekin batera landutako eskaintzak" sortzea, eta "herriko iturriak eta zubial azaltzeko ibilbide berri bat diseinatzea". Horrez gainera, Santa Anako kanpandorrerako sarbidea "lehenbailehen" egokitzeko eskaria egin du EAJk. Udal gobernu taldea horretan ari da. Turismorako gune lez egokitu gura du kanpandorrea eta handik dagoen ikuspegia. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!