Auto elektrikoak kargatzeko puntuak jarriko ditu udalak Landako Guneko aparkalekuan

Anboto 2021ko mai. 17a, 12:43

Bi karga puntu jarriko dituzte. Urte amaierarako prest izatea aurreikusi dute.

Durangoko Udalak  Energiarako Euskal Erakundearen diru-laguntza jaso du auto elektrikoak Landako Guneko aparkaleku publikoan kargatzeko aukera eskaintzeko. Prentsa oharrean azaldu dutenez, udalak 34.466 euro lortu ditu kargagailuen aurreinstalaziorako, hau da, aurreikusitako inbertsioaren %100. Lan horiei esker, lurzati bakoitza energiaz hornitu ahal izango da etorkizuneko karga elektrikoko instalazioetarako. Gainera, udalak bi karga puntu jarriko ditu, eta horretarako 3.244 euro lortu ditu, beharrezko inbertsioaren %30a.

"Durangon urratsak ematen jarraitzen dugu herri jasangarriagoa lortzeko eta aztarna ekologikoa murrizteko. Duela gutxi herriko hainbat eraikin publikotan eguzki-panelak jartzeko proiektua aurkeztu bagenuen, oso denbora gutxian auto elektrikoak kargatzeko puntuak jartzen hasiko gara. Guztion artean gizarte eredu ekologikoago baterantz jo behar dugu, eta horrelako neurriek norabide horretan laguntzen dute", azaldu dute Iker Urkiza eta Neskutz Rodriguez zinegotziek. Lanak urte honen amaierarako bukatzea aurreikusten dute Udaleko arduradunek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!