Landako Erakustazokan, Landakoko igerilekuetan, Landako ikastetxean eta Ezkurdiko pilotalekuan plaka fotoboltaikoak jarriko dituzte

Anboto 2021ko api. 27a, 12:49

Durangoko Udalak dioenez, "estrategia hau energia-kontsumoa murrizteko, energia berriztagarriak sustatzeko eta berotegi-efektuko emisioak murrizteko helburuen barruan kokatzen da".

Prentsa oharrean azaldu duenez, Durangoko Udalak lau proiektu egingo ditu plaka fotoboltaikoen bitartez herriko udal eraikin batzuk eguzki-energiaz hornitzeko. Energia kontsumo handia dela eta, Landako Erakustazokan, Landakoko Igerilekuetan, Landako ikastetxean eta Ezkurdiko pilotalekuan plaka horiek jartzeko proiektuak landuko ditu udalak datozen hilabeteetan.

Proiektu hauen bitartez, eraikin horiek eguzki-energia fotoboltaikoaren bidez elikatu gura dituzte, baita energia soberakina argiteria publikoa bera kontsumitzeko ere. "Estrategia hau energia-kontsumoa murrizteko, energia berriztagarriak sustatzeko eta berotegi-efektuko emisioak murrizteko helburuen barruan kokatzen da. Estrategia honen barruan, aurten Udal Energia Plana gauzatu nahi du udalak", azaldu dute. “Pausoz pauso, energia berriztagarrien aldeko politikak egiten jarraituko dugu Durango berdeago bat lortzeko helburuarekin. Erronka handiak ditugu aurretik energia kontsumoa aurrezteko”, adierazi dute Aritz Bravo eta Jorge Varela zinegotziek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!