290 pertsonek azterketa egingo dute zapatuan Durangoko Udalaren lau lan-poltsatan sartzeko

Anboto 2021ko mar. 25a, 15:40

10:00etatik aurrera, hautaketa-prozesua osatzen duten hiru probetatik lehenengoa egingo dute.

Durangoko Udalak hautaketa-prozesu baterako deialdia egin zuen 2021aren hasieran, Administrazioko goi-mailako teknikarien lau lan-poltsa eratzeko Idazkaritza Nagusian, Kontu-hartzailetzan, Diruzaintzan eta Giza Baliabideetan. Hautaketa-prozesua hainbat probaren bidez egiten ari da, sarbide libreko txandan, eta larunbat honetan 290 pertsona daude deituta, hautaketa-prozesua osatzen duten hiru probetatik lehena egiteko, 10:00etan, Landako Gunean.

"Lan-poltsa horiek enplegu berria sortzeko eta sustatzeko balio digute, legea betez eta, jakina, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraituz. Gure ustez, garrantzitsua da kalitatezko lan-poltsa berrituak mantentzea, beharrezkoa den kasuetan erabiltzeko, horrela, belaunaldi berriei enplegu publikorako sarbidea erraztuz eta ahalbidetuz. Hori dela eta, guretzat oso garrantzitsua da larunbat honetan 300 pertsona inguru Landako Gunean aztertzea, etorkizunean udal langileak izan daitezen", azaldu dute gobernu taldetik prentsa ohar bidez.

Urtarrilean deitutako prozesuan 18 urtetik gorakoek eta nahitaezko erretirorako adinera iritsi ez direnek parte hartu ahal izan dute. Gainera, A1 taldeari dagokion titulua izan behar dute, hau da, Lizentziaren edo Graduaren Unibertsitate Titulua, baita 4. HE ere. Halakorik ezean, eta indarrean dagoen araudiaren arabera, 3. HE ere onartu dela gaineratu dute.

Prozesuan izena emateko epea urtarrilaren 29an hasi zen, eta 2021eko otsailaren 11n amaitu zen. Gainera, "historian lehen aldiz", inskripzioa telematikoki egin ahal izan da, durango.eus webgunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!