Durangoko galdeketa

Ima Garrastatxu: "Durangarrek oso mezu argia helarazi digute: ez dituzte 18 pisuko bost dorre nahi"

Joseba Derteano 2021ko mar. 15a, 13:48

Ima Garrastatxu alkatea eta Julian Rios alkateordea gaur Durangoko udalbatzar aretoan.

Durangoko Gobernu Taldeak atzoko galdeketaren balorazioa egin du. Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak egin dituzte adierazpenak.

Galdeketako emaitzari buruz

"Herritarren erantzuna argia izan da", baloratu du Garrastatxuk. "Durangarrek oso mezu argia helarazi digute: ez dituzte 18 pisutako bost dorre nahi". Riosen ustez ere herritarren mandatua "ozena" eta "argia" izan da. 

Parte hartzeari buruz

Galdeketaren parte hartzea %28,57koa izan zen. Nahikoa al da? Gobernu Taldeak "argi" du erantzuna. "7.000 lagun baino gehiagok eman gura izan dute iritzia. Guretzako hori asko baino gehiago da, ikaragarri da", adierazi du Ima Garrastatxu alkateak. "Gainera, ikusita zer egoera bizi izan dugun: pandemia, alderdi batzuen boikota eta atzo egin zuen eguraldia. Hori guztia kontuan hartuta parte hartzeak gure aurreikuspenak gainditu ditu", gehitu du.

Julian Riosek galdeketaren "arrakasta" nabarmendu eta bere legitimitatea defendatu du. Gogoratu du orain lau urte Basaurin eta "antzerako" gai baten inguruan egindako galdeketan parte hartzea %18koa izan zela. Beste adibide batzuk ere jarri ditu. "Oraintsu EHUko errektorea zentsoaren %7arekin izan da aukeratua eta inork ez du bere legitimitatea zalantzan jarri".

Atzoko egunaren garrantzia

Atzokoa egun "historikoa" izan zen eta "aurrekari" bat jartzen du Durangon, Garrastatxuren esanetan. "Beste eredu bat bultzatu dugu". Rios ere bide beretik mintzatu da. "Herritarrei parte hartzen utzi behar diegu. Iritzi orok gure demokrazia hobetuko du eta Durangon gure herria hobetuko du".

Aurrera begira

Euskal Trenbide Sareari batzar bat eskatuko diote herritarren mandatua helarazteko eta proiektuari buruz berba egiteko. "Mahai baten inguruan esertzea eta konponbideak bilatzea egokitzen zaigu. Berba egiteko, entzuteko eta negoziatzeko prest gaude, baina beti ere marra gorri batekin: Durangoko herritarren mandatua errespetatu behar da. Gobernu Talde moduan oso argi dugu: gogor lan egingo dugu atzo herritarrek emandako mandatua defendatzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!