Atzo izandako herri galdeketaren gaineko balorazio egin du Durangoko EAJk. Parte hartzea %28,52koa izan zen. EAJren ustez, "abstentzio handiak" ( %72) erakutsi du kontsultak, planteatu den bezala, "zentzurik ez zuela” eta "durangarrek aurrera egin nahi dutela erakundeen artean adostutako proiektu bideragarri batekin, beren etorkizuna hipotekatu gabe".
Durangoko EAJren ustez, "herritarrek ordezkari politikoengandik espero dute proiektu bideragarriak aurkeztea, negoziazioaren bidetik adostu ahal izateko. Bere abstentzioarekin, durangarren gehiengo zabal batek konfrontazioari, ziurgabetasunari eta paralisiari ezetz esan die". Ildo horretatik, alderdi jeltzaleak "elkarrekin lan egiteko" deia egin die alderdi guztiei, "herritarrei durangarren beharrei erantzungo dieten eta inplikatutako erakundeen adostasuna lor dezaketen proiektuak aurkezteko eta lehenbailehen gauzatu ahal izateko". Beraz, EAJren iritziz, "garrantzitsuena orain hasiko da eta galdutako denbora berreskuratu behar dugu; Euskal Trenbidea Sarearekin eseri behar da jokalekua lehenbailehen zehazteko, durangar guztiak ilusionatuko dituen eta alde guztientzat onuragarria izango den proiektu bat negoziatu eta adostu ahal izateko ", adierazi du Durangoko Alderdi Jeltzaleak.
"Alderdi politiko guztiok argi utzi dugu PERI 1‐Trenbidea proiektua eguneratu egin behar dela, ez baitie herritarren egungo beharrei erantzuten, oso bestelako testuinguru sozioekonomiko batean diseinatu baitzen", adierazi dute. Orain garrantzitsuena "benetako parte‐hartzea bultzatzea" dela azpimarratu du, "Ekintza bakoitzaren onurei eta ondorioei buruzko informazio argiarekin". "Denbora aprobetxatzeko garaia dela uste dugu. Herritarrei galdetzeko eta entzuteko garaia da, lehenik eta behin jokalekua ondo markatuz, eremu horretarako proiektu bideragarriak, errealak eta adostuak lehenbailehen proposatzeko. Behin proposamenak entzunda, proiektu horiek inplikatutako erakundeen aurrean defendatzeko garaia izango da, baina ez EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdien judizializazioaren eta konfrontazioaren bidetik, paralisira baino ez garamatzalako, baizik eta elkarlanaren, elkarrekiko konfiantzaren eta ulermenaren bidetik", azpimarratu dute Durangoko EAJtik.
Alderdi jeltzalearen esanetan, prozesu horren guztiaren helburua izan behar da "trenbidearen trazadura lehenbailehen berreskuratu eta bide berde bihurtzea; 60.000 metro koadroko espazio handi hori lehenbailehen berreskuratzea, adin guztietako herritarrentzat berdeguneak eta gozamenerako guneak jartzea eta Durangora udalaz gaindiko proiektu estrategiko bat erakartzea ahalbidetuko duen akordioa lortzea".