EH Bilduk dioenez, "PERI 1 Trenbidea proiektua gauzatuz gero urte gutxitan 1.500 biztanle berri etorriko lirateke, horrek suposatu ditzakeen trafiko, kutsadura eta zerbitzuen saturazioekin. Etxebizitza kopuru horri murrizketa txikiena ere egiteko ezinbestekoa da indarrean dagoen PERIa gelditzea". EH Bilduk bozkatzera animatu ditu durangar guztiak. "Dorreak gelditzeko eta aukera berriei ateak zabaltzeko baiezkoaren alde egingo dugula adierazten dugu", gaineratu dute.
Galdeketan baiezkoak irabaziko balu EH Bilduk alternatiba bideragarri baterako "oinarriak" aurkeztu ditu. Ildo horretatik, udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko espazioaren gestio partekatua proposatzen du. "Lurraren jabetza publikoa da, Eusko Jaurlaritzarena, eta beraz herritar guztiona da. Tamaina honetako erabakiak hartu aurretik erakunde guztiek jendearen iritzia kontuan hartu behar dute. Eta gestiorik hoberena egiteko erakunde egokiena herritarrengandik gertuen dagoena da, udala hain zuzen ere. Beraz, etorkizuneko proiektua Durangoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean negoziatu beharko da", dio alderdi subiranistak.
Proiektu hori demokratikoa eta parte hartzailea izan dadin gura dute. "Durangoren behar errealen eta interes sozialaren zerbitzura egongo dena, auzoak konektatzeko, elkarbizitza espazioak bultzatzeko, eta ikuspegi anitzak txertatuko dituena: komunitatea, zaintzak, feminismoa, jasangarritasuna eta abar".
Era berean, EH Bildurentzat proiektua "Durango berde eta bizigarria" izango litzateke. Galdeketan baiezkoak irabaziko balu, proiektu berria diseinatzerako orduan, prozesu parte-hartzailean EH Bilduk egingo lituzkeen proposamenen artean parke publiko handi bat egitea izango litzateke. "Airearen kalitatea hobetzeko zuhaitzak, adin guztientzako gune erabilgarriak, kultur eta kirol ekimenak egiteko espazioak, haurren aisialdirako guneak. Lurraren jabego publikoa mantenduz komunitatearentzako interesgarriak izango diren egitasmoak kokatzeko eremuak ere erreserbatuko lirateke".