Martxoaren 14ko herri galdeketa 3.000 durangarrek eskatu zuten eta udalean aho batez onartu zen. EAJk, PSEk eta ETSk egindako hobekuntzak txertatu dira prozesu osoan zehar. Gai honetan, borroka alderdikoiek ez dute zentzurik.
Orain aukera paregabe baten aurrean gaude: orain 20 urte durangarrei kontsultatu barik erabaki zenagaz aurrera jarraitzea, ezezko botoa emanez; ala prozesu parte hartzaile bat zabaltzea Durangon ditugun premiez hausnartzeko, baiezko botoa emanez.
Guk baiezkoaren alde egingo dugu, arrazoi hauengaitik:
Lehenengo, trenaren lurperatzearen gainkostuak berreskuratzeko, ondare publikoa pribatizatu gura digutelako, eta lursailen 100 urteko okupazioaren ostean durangarrok ez ditugu gainkostu horiek gure gain zertan hartu. Are gutxiago jabetza publikoa izanda.
Bigarrenik, ordaindu ahal duenarentzat egindako luxuzko 5 dorreak Durangoren zatiketa betikotuko duten harresi fisiko eta sozial bat bihurtuko direlako.
Eta, azkenik, etxe berriek 1.500 biztanle berri ekarriko dituztelako, inguruetan auto, trafiko eta kutsadura handituz eta herri osoko zerbitzuak saturatuz. Belaunaldi berrientzat hipoteka bat.
Lursail hauek aukera ezin hobea eskaintzen digute etorkizuneko Durango birpentsatzeko. 554 etxebizitza berri egitea: beharrezkoak dira ala premia larriagoak ditugu? Martxoaren 14an erabakiko da, ez hutsik egin!