Durangoko trenbide zaharraren lursaila oso gai eztabaidagarria izaten ari da azken asteetan. Gaur egun, espazio horren birpartzelazio-proiektua udalak geldiarazi du, eta, aldi berean, geldiarazteari buruzko herri kontsulta bat planteatu du.
Herritarren parte hartzeak funtsezko papera izan behar du proiektu honetan; baina uste dugu gobernu taldeak planteatutako PERI 1 Trenbidea kontsultak ez duela zentzurik orain, ez baita prozesu loteslea, proiektua geldituta dagoelako eta ETSgaz negoziatzeko beharrak eta EH Bilduk eta Podemosek zabaldutako prozesu judizialek dena baldintzatzen dutelako.
Hala ere, alderdi jeltzaletik entzute aktiboaren alde egin gura dugu, herritarrekin komunikatzeko bide berri bat sortuz, haien nahiak eta proposamenak ezagutu ahal izateko. Bide zaharraren birpartzelazio proiektua orain hamarkada bat baino gehiago diseinatu zen eta ez die erantzuten durangarrek gaur egun dituzten beharrizanei. Horregaitik, gure proiektua jendeari entzutean oinarrituko dugu eta, ondoren, inplikatutako erakundeen aurrean defendatuko dugu.
Elkarlanaren, elkarrekiko konfiantzaren eta elkar ulertzearen alde gaude, guztiok norabide berean arraun eginez, etorkizunean Durango hobe baterantz aurrera egin ahal izateko.