Bakarmortutik arnasgunera

Erabiltzailearen aurpegia DURANGOKO SARE 2021ko ots. 15a, 11:15

Jakin badakigu espetxeetan dauden isolamendu moduluak presoak zigortzeko sortutako asmakizunak direla. Izenak dioen bezala, presoa erabat isolatzeko helburuarekin diseinatuak izan ziren moduluok aspaldi. Legearen arabera, 15 egun iraun dezake gehienez zigorrak, baina jakin badakigu ere, zenbait presorekin ez dela lege hori betetzen. Horren adibide da Iurdan Martitegi Lizaso preso durangarraren kasua. Iurdan uztailean espainiaratu zuten Frantziatik, bertan iada 11 urteko kondena bete zuelarik. Geroztik Soto del Realeko kartzelan dago, isolamendu moduluan.

Hilabete luzez egon da erabat bakarturik, nahiz eta espetxe berean beste preso politiko batzuk egon. Horrez gain, zailtasun nabarmenak izan ditu bere gertukoekin komunikatzeko; visak eta bisitak asko murriztu baitizkiote. Hau gutxi balitz, dituen komunikazio apurrak baldintzatu dizkiote, familia eta lagunei zigor erantsia gehituz. Iurdanek bi seme-alaba ditu, eta zazpi hilabetean esku bateko atzamarrekin konta daitezke izandako bisitak.

Espetxean bizi duen egoera ez da samurra beraz. Isolamenduan dauden presoek patio orduak oso murriztuta dituzte, horrek presoarantzat suposatzen duenarekin. Gainera, bizitza osasuntsu bat bermatzeko beharrezkoak diren baldintzak ez dira ematen: janari freskoa erosteko aukera, kirola egiteko aukera, gertukoekin kalitatezko harremanak garatzeko aukera, etab.

Berriki Iñaki Reta de Frutos preso atxondoarra ere Sotoko isolamenduan sartu dute. Iñaki eta Iurdan elkarren ondoan badaude ere, leihotik leihora soilik hitz egin dezakete, ezin dira patiora elkarrekin irten. Iurdan, Iñaki eta Marixol dira isolamenduan dauden preso politiko bakarrak.

Durangoko SAREtik eskaera zuzena egiten dugu, Iurdan eta gainontzeko presoak isolamendu modulutik ateratzeko, bakarmortutik arnasgunera salto egiteko. Iurdan, Iñaki eta gainontzeko preso guztiek bizitza duin bat edukitzeko eskubidea daukatelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!