Durangoko Udalak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean parte hartu du astelehen honetan, Hezkuntza Saila EAEko Udalek kudeatzen dituzten Oinarrizko Lanbide Heziketako (OLH) ikastetxeetarako prestatzen ari den 2021-2026rako hitzarmenean neurri berriak txertatzea eskatzeko. Durangoko Udalak kudeatzen duen ikastetxeak hainbat ikastaro eskaintzen ditu Durangaldeko biztanle guztientzat, eta 120 ikasle inguru biltzen ditu urtero.
Durangoko Udaleko Mariam Bilbatua zinegotziak eta Julian Rios alkateordeak aldaketak eskatu dituzte Jaurlaritzak aurkeztutako hitzarmenaren zirriborroaren aurrean, esparru horretan kalitatezko prestakuntza emateko behar diren baliabideak bermatzeko. Besteak beste, langileen profil berriak jasotzea eskatu dute, ikasleen orientazioa eta gizarteratzea ahalbidetzeko eta irakasleentzako prestakuntza espezifikoa emateko, ikasleen beharrei erantzun ahal izateko, udaleko ohar batean azaldu dutenez.
Finantzaketari dagokionez, udal ordezkariek adierazi dute ekipoak berritzeko inbertsio-gastuak estali behar direla, eta horiek berritzeko eta arlo bakoitzeko aldaketa teknologikoetara egokitzeko aukera eman behar dela. Era berean, ikasleen digitalizazioari erantzuteko beharra planteatu dute.
"Durangorako kalitatezko Oinarrizko Lanbide Heziketa nahi dugu, horregatik, hitzarmen horretan hobetu beharreko zenbait alderdi daudela uste dugu. Espero dugu bere garaian Lanbide Heziketako arduradunen aurrean eta gaur egun Eusko Legebiltzarraren aurrean egin dugun planteamendua baliagarria izatea Oinarrizko Lanbide Heziketako beste ikastetxe batzuek ere beren hitzarmenak hobetzeko. Gure proposamenak kontuan hartzea espero dugu", azaldu dute Riosek eta Bilbatuak.
Beste ekarpen batzuen artean, Udaleko arduradunek mahai gainean jarri nahi izan dute Oinarrizko Lanbide Heziketari aplikatu behar zaizkiola goi-mailako zikloetan ematen ari diren erreforma eta berrikuntza metodologikoak, eta edukiak ikasleen profilera eta lan-jardunaren inguruko gaitasunetara egokitu behar direla.