Burgosko Prozesuaren ondoren erbesteratuak izan ziren kideek Durangon egindako ekitaldi batean parte hartu zuten

Jone Guenetxea 2020ko abe. 11a, 09:30

Burgosko Prozesua hasi zela mende erdi bete zen abenduaren 3an. Epaia abenduaren 28an etorri zen.  Eduardo Uriarte, Jokin Gorostidi, Xabier Izko, Mario Onandia, Unai Dorronsoro eta Xabier Larena heriotza zigorrera kondenatu zituzten. Besteek espetxe zigor handiak jaso zituzten. Handik egun bira indultua etorri zen. Epaiketek iraun zuten bitartean herritarren protestak ugariak izan ziren. 50 urte geroago, auzipetuek aitortu dute egun haietako mobilizazioek "oxigenoa" eman zietela eta ezinbestekoak izan zirela indultua lortzeko.

Askatasunaren Ibilaldian
Bada, erbesteratuak izan ziren Burgosko Prozesuko kideak Durangon antolatutako ekitaldi batean agertu ziren 1977an. Izan ere, urte hartako uztailaren 10etik abuztuaren 30era lau zutabek Euskal Herria zeharkatu zuten. Zarautzetik, Gernikatik, Agurainetik eta Lodosatik abiatu ziren lau zutabeak. Euskal Herriak ezagutu duen mobilizaziorik handienetarikoa izan zen. Guztira, 1.847 kilometro egin zituzten, 500 udalerritatik igarota. Lau zutabeak Nafarroako Arazuri herrian batu ziren. Ekitaldi hartan 200.000 lagunetik gora batu ziren.

Jaialdia Jesuitetan
Lodosatik abiatu zen laugarren zutabeak Durangaldean geldialdia egin zuen. Ekitaldi jendetsua antolatu gura zuten bertan. Hasieran, Abadiñoko probalekuan izango zela iragarri arren, azkenean Durangoko Jesuitetan antolatu zuten.

Juan Mari Areitio bertsolariak Azpillagagaz batera abestu zuen taula gainean, besteak beste.

Sasoi hartan antolakuntzan ibilitako kide batek gogoratzen du Burgosko Prozesuko kideak zelan heldu ziren Durangora. "Ekitaldia amaitu aurretik kotxean sartu eta handik eraman gura genituen, baina senitarteko eta lagunak zain zeuden eurekin egoteko. "Ingurukoei lasai egoteko esan zieten eta berehala eraman genituen handik", gogoratu du. Telesforo Monzon ekitaldiko gidaria izan zen eta  eurekin zegoen.

Burgosko Prozesuko zigortuek Durangoko estazio zaharrean lo egin zuten, derrigortutako erbestetik bueltatu eta publikoki agertu aurreko gauean. Enrique Urkijo sasoi hartan tren geltokiko arduradunaren semea zen. Markel Onaindia kazetariak Urkijori egindako elkarrizketa batean ordura arte ezezaguna zen pasarte esanguratsu bat publiko ezin zen. Urkijok eta haren familiak bisita liburu berezi bat zeukaten euren etxe ere bazen estazioan, eta hantxe dago, beste zigortuenagaz batera, Telesforo Monzonek utzitako sinadura, historiara pasatuko dena. "Hemen gaur bildu garenok ez dugu sekula ere ahaztuko gaurko eguna. Agur berezi bat zuri, etxeko andre!", idatzi zuen Monzonek. Urkijoren amaren bazkaria dastatu ahal izan zuten zigortuek, lotarako lekua edukitzeaz gainera.

Mobilizazio ugari
Marisa Barrenak eta Juan Antonio Aromak Durangoko ekitaldian parte hartu zuten. Segurtasuna bermatzeko giza katean jardun zuten. "Ekitaldian Jesuiten ikastetxea bete-beteta zegoen eta ikurrina pila bat gogoratzen ditut", dio Barrenak. Momentu historiko garrantzitsua izan zela nabarmendu du Barrenak. Tentsio handiko sasoia izan zen. Alderdi bi legalizatu berri zeuden, errepresio handia... Telesforo Monzonen irudia oso inportantea izan zen zubi lana egiteko", gogoratu du Barrenak: "Burgosko Prozesua hasi zenean, 19 urte nituen eta militantziara egiten nuen lehenengo hurbilketa izan zen. Mugimenduetan sartzeko erabakiorra izan zen niretzat. Kaleko mobilizazioak, langile lez lehenengo grebak...".

Burgosko Prozesuak berak ere feminismoaren ikuspuntutik eragina izan zuen Barrenarengan: "Auzipetuetatik hiru emakumeak ziren. Feminismoa lantzen hasi nintzenean horrek ere bere eragina izan zuen".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!